argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako industria langileek Alemaniakoek baino %52 gutxiago kobratzen dute
  • Nafarroako eskulana bere sozio komertzial diren Alemania eta Frantziakoa baino %52 merkeagoa da. Foru Komunitateak herrialde horietako hamarnaka multinazional hartzen ditu, Volkswagen kasu; eta azken urteetako soldata murrizketek enpresen jatorrizko herrialdeetan ordaintzen denarekiko diferentzia areagotu dute. 

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 11
Landabenen kokatutako Alemaniako Volkswagen enpresaren instalazioak.

Foru komunitateko kanpo-merkataritzaren %40a hartzen dute bi herrialde horiek. 2012ko datuen arabera, Nafarroako industriak orduko 23,29 euroko kostu laborala du, Alemaniako 35,4 euro eta Frantziako 36,7 euroetatik oso urruti.

Nafarroako eskulana Euroguneko batez bestekoa (orduko 30 euro) baino merkeagoa da eta 28 herrialdek osatutako Europar Batasuneko batez bestekoaren (24 euro orduko) antzekoa.

Horrez gain, Espainiako lan kostuen igoera Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ ) goranzko joeragatik etorri da. 2010etik Espainiako soldaten kostu erreala orduko 20 zentimo besterik ez da igo, Frantzian baino bost aldiz gutxiago (orduko euro bat gehiago) eta Alemanian baino zazpi bider gutxiago (orduko 1,4 euro).

Unitateko lan-kostuaren jaitsiera ere esanguratsua da, izan ere, lau urte baino gehiago dira produzitutako unitate bakoitzagatik langileei ordaintzen zaienak beheranzko joera duela. Jaitsiera hori gertatu da, suntsitutako lanpostu kopurua Barne Produktu Gordina (BPG) baino handiagoa delako, batik bat.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA) osatzen duten 34 herrialdeekin alderatuta Nafarroak lehiakortasuna galdu du, azken hamarkadan 12 puntutan erori baita unitateko lan-kostua. Gaur egun, Portugalgo kostu laborala Nafarroakoaren erdian kokatzen da eta Europa Ekialdeko edo Txinakoa berriz, hemengo kostuaren %15 besterik ez da.

Adituen arabera, gastu energetikoa kontuan hartzeko beste faktore garrantzitsu bat da, izan ere, Nafarroako Industria Ingeniarien Eskolako dekano Miguel Iriberrik Diario de Noticias egunkarian dioenez “hemen energia Frantzia eta Alemanian baino %20 gehiago ordaintzen da”.