Nafarroako hezkuntza hitzarmen berria negoziatzea exijitu die Nafarroako Hezkuntza kontseilariari, Carlos Gimenori, Iruñean eginiko mobilizazioan. Langileek salatu dute Gimeno, patronalarekin bakarrik biltzen dela, eta ez dituela aintzat hartzen langileek negoziaziorako egindako bilera-eskaerak.
LAB, ELA, UGT, SEPNA-FSIE sindikatuek salatu dute Nafarroako hezkuntza-ituna ezarrita duten ikastetxeetako langileen hitzarmena abuztuaren 31n indargabetuko dela eta oraindik gobernuak ez duela aurrerapausorik eman akordio berria negoziatzeko. Sindikatuek azaldu dute irailetik ari direla “akordio berria” negoziatu nahian, baina Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok ez dituela aintzat hartzen sindikatuen negoziazio “erreal eta eraginkorrerako” bilera-eskaerak.
Langileek gaineratu dutenez, lanpostuari eusteko akordioa, bi urte eta gero, blokeatuta daukate. Akordio horrek aukera emango lieke lanpostua galdu ostean irakasleak beste zentro itundu batean hartzeko.
Ikastetxe itunduetako eta ikastoletako langileek adierazi dute “atsekabeturik” jarraitzen dutela langileen lan-baldintzak hobetzeko eskaeraren aurrean Patronalak eta Administrazioak agertu dituzten “immobilismo eta borondaterik ezagatik”.
Departamenduaren, Patronalaren eta ordezkari sindikalen arteko negoziazio eraginkorraren alde egiten jarraituko dutela azpimarratu dute langileek. Aldaketarik gertatu ezean, “protesta ekimen sendoagoak” egin beharko dituztela azaldu dute. “Ikastola eta ikastetxeetako langileek merezi dituzte Hezkuntzako arduradun gorenaren arreta eta errespetua, irakaskuntzaren kalitatean islatuko direnak; horixe baita gehien axola zaiguna”, adierazi du agerraldiaren amaieran.