argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Ikastolen 50. urteurrena ospatuko dute azaroaren 19an, Iruñeko Zentral aretoan
  • 50 urte bete dira Nafarroan ikastolen proiektua ernatu zenetik. Mende erdiko ibilbidea ospatzeko, ekitaldia egingo dute ostegunean Iruñeko Zentral aretoan. Nafarroako Ikastolen Elkartetik adierazi dutenez, ekitaldiaren bidez euren poztasuna nafar gizarte osoari helarazi nahi diote.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 19a

Ikastolen ibilbidean funtsezkoak izan diren pertsonak eskertu eta omenduko dituzte, etorkizunari begiratu bat ematerekin batera. Protagonismoa gurasoen eta ikasle eta irakasle ohien istorio eta kontakizunek hartuko dute.

Urteurrenaren harira hainbat ekitaldi egin dituzte hilaren hasieraz geroztik, tartean ziklo martxa, Oskorriren agurra Nafarroan, Euskal Herri mailako igeriketa txapelketa eta jardunaldi pedagogikoak. Ospakizunari ginda jarriko dio Zentral antzokian egitekoa den ekitaldi nagusiak.

Uxue ikastola, hamabostetan lehena

Nafarroako Ikastolen ibilbidea Pozo Blanco kalean hasi zen, bertan Uxue ikastolak ateak ireki zituenean. 12 ikaslerekin ekin zion abenturari, eta Mikele Gastesi andereñoak hartu zuen haien ardura. Urte baten buruan Uxuek jada 45 ikasle zituen, eta ondorengo urteetan 300 izatera iritsi zen.   

Egun Iruñerrian erreferentzia diren Paz de Ziganda eta San Fermin ikastolak Uxue bitan banatuta sortu ziren. Geroztik proiektuak aitzina egiten jarraitu du, ikastolen sare sendoa eratzeraino. Gaur egun 6.000 ikasle baino gehiago, 4.000 bat familia eta 600 profesional daude 15 ikastolatan banatuta.

Material falta eta egoera politiko aztoratua

Uxue ikastolaren lehen urteez solastu dira bertako ikasle ohi Maiaia Urrutia eta Kike Diez de Ultzurrun Info7 irratian. Azaldu dutenez, hasiera hartan baldintzak ez ziren aproposenak: “Ez genuen ez aulki eta ez mahairik, eta euskarazko materiala apenas zegoen”. Garai hartako egoera politikoak “malda are pikoagoa” egiten zuela azpimarratu dute. “Alabaina, irakasle eta gurasoen borondate eta konpromisoari esker posible izan zen aurrera egitea”.

Ikastolen proiektuak izaniko bilakaerari dagokionez, gauzak “izugarri” hobetu direla adierazi dute. “Garai hartan  jende oso gutxik zekien euskaraz. Orain, aitzitik, jende askok menperatzen du. Horrek lana izugarri errazten die ikastolei”. Gaineratu dutenez, gaur egungo egoerara iristea duela 50 urte eginiko apustuak ahalbidetu du.   

Mende erdiko errepasoa Ametsen egia liburuan

Fermin Erbiti kazetariak 50 urte hauetako historia eta istorioak bildu ditu Ametsen egia liburuan. Bertan ikastolen aurrekariak ere jaso ditu, Arturo Campionen lanari eta XIX. Mendean sorturiko euskarazko eskolei aipamen eginez.

Erbitiren ustetan, “apustu zaila eta ausarta” egin zuten ikasleen sortzaileek eta, era berean, “funtsezkoa, galbidean zen euskara sustatu ahal izateko ezinbestekoa”. Gainera, euskara berpizteaz landa, ikastolek pedagogia berria ere ekarri zuten Erbitiren aburuz.