Ikasleen %48,4ak bullying presentzialeko edo buruz-buruzko jokabide bat edo gehiago izan ditu, fisikoa, hitzezkoa, soziala edo psikologikoa, eta %35,2k azken urtean ziberbullying-jokabide bat edo gehiago jasan dituela adierazi du.
Laginean parte hartu duten ikasleen %63,7k adierazi du bullying presentzialeko edo buruz-buruzko jokabide bat edo gehiago ikusi dituela, izan fisikoa, hitzezkoa, soziala edo psikologikoa izan, eta ikasle behatzaile horien %29,8k adierazi du biktima babestu duela gertakari horien aurrean.
Aldi berean, inkestan parte hartu duten ikasleen %31,6k aitortu du azken urtean bullying presentzialeko jokabide bat edo gehiago egin dituela, eta %12k dio ziberbullying-jokabide bat edo gehiago izan dituela aldi berean. Azterketan parte hartu duten ikasleen %23,4k laguntza psikologikoa behar izan du.
Ziber-jazarpena: irainak eta mehatxuak
Biktimek jasan dituzten ziberbullying-jokabide nagusienak honako hauek izan dira: mezu iraingarriak jasotzea mugikorraren edo Internet bidez, dei anonimoak egitea izutzeko eta beldurra eragiteko, difamazioa edo zurrumurruak zabaltzea sarean, xantaiak edo mehatxuak egitea mugikorraren edo Internet bidez, identitatea ordeztea, sexu-jazarpena, argazki edo bideo konprometituak zabaltzea, haien kontaktuak sare sozialetan isolatzea, argazkiak edo bideoak trukatzea eta zabaltzea, umiliatzeko edo barre egiteko, besteak beste.
Jokabide horiek jasan dituztenean, biktima eta ziberbiktima gehienek ez diote inori esan (%18,5). Batzuek gurasoei (%16,9) edo lagunei (%11,6) kontatu diete. Ehuneko txikiago batek irakasleekin (% 5,6) eta anai-arrebekin (% 5,3) partekatu du. Erasotzaileen artean, berriz, %7k aitortu dute errudun sentitu direla geroago, eta %3,6k ez dute ezer sentitzen biktimaren egoeraren aurrean.
Neskak biktima, mutilak erasotzaile
Ikerketaren beste emaitza batzuk honako hauek dira: buruz-buruzko bullyingaren biktimen ehunekoak gora egin du Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko 2. mailara, eta, ondoren, behera egin du ikasturteak gora egin ahala. Halaber, biktimen eta ziberbiktimen ehuneko handiena neskak dira, eta erasotzaileen eta ziberrerasotzaileen ehuneko handiena, berriz, mutilak. Erasotzaile eta ziberrerasotzaileek jazartzeko ematen dituzten arrazoiei dagokienez, ehuneko handienak dio biktimek merezi dutela.
Zentzu horretan, Hezkunza Departamentuak Ongizate Emozionaleko Karpetak deiturikoak aurkeztu ditu egoera horiei aurre egiteko. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako etapetara zuzendutako material berriak. Material horiek informazio- eta prestakuntza-tresna berritzaileak dira, gai horretan adituak diren Carme Boquek eta Eva Bachek eginak, eta Foru Erkidegoko hezkuntza-komunitatearen eskura daude dagoeneko.
Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Oinarrizko eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 15.544 ikasleren borondatezko lagin anonimoarekin egin da ikerketa 2022-2023 ikasturteetan. Maite Garaigordobil Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ebaluazio eta Diagnostiko Psikologikoko katedradunak egin du. Egileak, Carlos Jimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilariak, eta Hezkuntza departamentuko beste arduradun batzuek aurkeztu dute asteazken honetan Iruñean.