argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako hondakin organikoak kutsagarri bihurtzen dituztela salatu du Sustrai Erakuntzak
  • Ingurumenaren zaintzan diharduen elkartearen esanetan, Nafarroako hondakin organikoaren zati handi bat Caparrosoko HTN biometanizazio enpresara bideratzen da eta handik ateratzen diren hondakinekin inguruko lur soroak kutsatzen dira.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko maiatzaren 13a
Ezkerretik eskuinera, Martin Zelaia, Jesús Arbizu eta Pablo Lorente. (Arg.: ARGIA)

Nafarroan etxeko hondakinen kudeaketa aztertzen duen txostena aurkeztu du Sustrai Erakuntzak asteazken honetan Iruñeko Katakrak liburutegian, eta zorrotz ondorioztatu du egiten ari den kudeaketa ez dela egokia. Batez ere, kudeaketa hori makroazpiegituren bidez egiten ari dela salatu zuen, behar baino gutxiago birziklatuz eta berrerabiliz, noiz eta lehengaien urritzeagatik hori gero eta beharrezkoagoa denean.

Besteak beste, salatu zuten Nafarroan egun biltzen den hondakin organikoaren gehiena –Erribera eta Sakanako mankomunitateetakoa ez– Caparrosoko HTNko biometanizazio plantara eramaten dela. Azaldu dutenez, bosgarren edukiontzia edo bestelako sistemen bidez biltzen diren hondakinekin logikoena litzateke konposta egitea, baina hori egin beharrean, HTNko plantara eramaten da biogasa egiteko.

HTN Caparroson behitegi erraldoia duen Valle de Odieta nekazari kooperatibarena da. Azken hilabeteetan sona handia izaten ari da 5.000tik gora behi dituen behitegia, hango mindarekin –funtsean abereen gernua, gorotza eta ura– inguruko lurrak kutsatzen dituela salatu zaiolako.

Jesús Arbizu Txurio hondakinetako aditua izan zen aurkezpenean Pablo Lorente eta Martin Zelaia Sustraikideekin batera. Kontatu zuenez, HTN biometanizazio planta hasiera batean behitegian sortutako hondakin organikoa kudeatzeko egin zen, baina gaur egun horri gehitzen zaizkio Nafarroan bereizita bildu den hondakin organiko gehiena eta beste leku askotatik ekarritako hondakinak, esaterako hiltegietakoak edo lohiak. Nafarroan biltzen den hondakin guztiaren %22 da bereizita biltzen den hondakin organikoa. Datua oso urruti dago 2020rako Nafarroako hondakinen planak aurreikusten duen %50etik –2027rako %70–. Hau da, azkenean, kontua ez da bakarrik etxeetan kontzientzia handiz biltzen diren hondakin organikoak ez direla konposta egiteko erabiltzen, baizik eta Nafarroako erdialdeko lur askoren kutsagarri bihurtzen dela.

Ingurumenaren kutsadura

Aurkeztutako txostenean azaltzen denez, HTNn lantzen diren hondakin horiekin guztiekin biogasa egiten da, eta tratamendu horretatik digestato izeneko likidoa ateratzen da, ongarri moduan erabiltzeko. Teorian bakarrik atera beharko litzateke behitegiko minda, baina HTN hondakin planta gisa erabiltzen denez, digestato hori osagarri kutsakor ugariz osatua dago, esate baterako metal astunak, nitratoak edo behi-esnearen antibiotikoak.

Arbizuren esanetan, egungo behitegiko hondakin organikoak lurrean txukun barreiatzeko 8.030 hektarea beharko lirateke eta Nafarroako erdialdean ez dago horretara bideratzeko adina lur. Batetik, beraz, osagai ugariren nahasketarekin digestato kutsatuagoa lortzen da, eta bestetik, behar baino lur gutxiagoan barreiatzen da, eta horrek lurren kutsadura eragiten du. Nafarroako administrazioko hainbat erakundek 2014tik 2018ra 19 salaketa prozedura ireki dituzte Valle de Odietaren aurka. Otsailean lur kutsatze handia eman zela salatu zuten hainbat talde ekologistek, besteak beste Grenpeacek.

Caparrosoko HTN biometanizazio planta. (Arg.: Navarra Capital)

Hemen Ahotsa.infok gaiaz kaleratutako bideoa: