LAB, EILAS eta ELA sindikatuek Lan Eskaintza Publikoarekin (LEP) aurrera segitzea eskatu dute eta eskaintza dagoen horretan egitea. Izan ere, uneotan eta egoera zein den kontuan hartuta, aurkeztu daitekeen eskaintzarik egokiena da.
Irizpide teknikoak oinarri hartuta, funtsezko eskaintza iruditzen zaie. Eta PAI, ingelesa ikasteko programaren ondoriotzat jo dute bestelako eskaintzarik egiterik ez izatea. Izan ere, gaztelania hutsezko plazak ateratzeak, etorkizun hurbilean sobran izanen dira. Bestetik, legeak ez du baimentzen ingelesezko plazak ateratzea. Hortaz, aukera bakarra da.
LAB sindikatuko Alberto Goikoak hartu du hitza lehenbizi. Azkar eta presaka egindako deialdia dela iruditzen zaion arren, aurrera egiteko deia egin du sindikatuak. Zerrenda bakarra behingoz sortzeko eskaera ere egin du, eskubidea delako.
"Ez da nahikoa Gobernuak egin duen eskaintza baina justifikatutakoa da", esan du Alfredo Lacunza ELA sindikatuko kideak. Prekarietateari irtenbide ematen hasteko egokia iruditzen zaio ELA sindikatuari eta PAI programaren ondorioak antzematen direla iruditzen zaio Alfredo Lacunzari.
PAI programa buru askotako munstroa dela uste du STEE-EILASek. Irakasle faltarekin ezartzen hasi zen, baliabide eskasekin, planifikaziorik gabe eta ikasleengan zein eragin izanen lukeen jakin gabe. Euskara baztertzeko helburuarekin zabaldu nahi izan du UPNk eta nolanahi aritu da ingelesa hedatzeko aitzakiarekin jolasean. Hizkuntzen trataera egoki landuko duen programa behar dela nabarmendu du Amaia Zubietak.
Oinarri pedagogikorik gabe inposatu zutela gaineratu du LABek. Behar bereziak dituzten haurrak baztertzen duen programa iruditzen zaio, zailtasun gehigarria delako askorentzat.
Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariak bat etorri dira esaterakoan PAI ebaluaziorik gabe eta plangintzarik gabe ezarri zela, eta helburu politiko zehatzekin zabaldu zutela.
LEPren gaiarekin batzuen eta besteen artean adostasunik ez da. Denek esaten dute deialdia egin behar dela, baina, moduetan agertu dituzte desadostasunak.
Geroa Baik dio, uneotan egin daitekeen eskaintzarik onena dela. EH Bilduk ere uste du ahalik eta azkarren egin behar dela deialdia eta zerrenda bakarra ezartzeko eskaera egin du. Ahal Duguk plaza kopurua beste modu batean banatzeko aukera legokeela uste du eta Ezkerrak ere horretan jarri du indarra.
Bestelako jarrera izan dute UPNk, PSNk eta PPk. Azken haui izan da kritikoen.
Hasteko, UPNk esan du zerrenda bakarra sortzea ez datorrela bat Nafarroaren errealitate soziolinguistikoarekin.
PSNk dio, irizpide teknikoz mozorrotutako irizpide politikoak erabili dituztela lan eskaintza publikoan eta, azkenik, Alderdi Popularreko kideak sindikatuetako kideei leporatu die euskaraz aritzea, noiz eta, parlamentarien gehienek itzultzaileak behar izan dituztenean ulertu ahal izateko.
(Albiste hau Euskalerria Irratitik ekarri da CC-BY-SA lizentziari esker).