argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako hezkuntzako sindikatuek urriaren 29ko grebari eutsiko diete
  • Hezkuntza Departamentuarekin bilera izan ostean, sindikatuek urriaren amaierako grebari eustea erabaki dute, ez baitaude ados egindako proposamenarekin. Grebalarien ustez eskainitako neurriak ez dira nahikoak, eta ez diete modu eraginkorrean heltzen euren eskakizunei.

Leire Ibar 2024ko urriaren 22a
Ikasturteko bigarren greba izango da hau. EFE

Urriaren 22an egindako mahaian, sindikatuek eginiko aldarrikapen batzuk onartuko direla iragarri du  Carlos Gimenok zuzendutako Hezkuntza Departamentuak. Batetik, Lehen Hezkuntzako ikasle kopuruaren ratioa murriztuko duela esan du, hau da, lehenengo mailan gehienez 23 ikasle egotea gelan. Eta bestetik, prestakuntza instituzionala 35 ordutik 25era jaitsiko duela. Hala ere, sindikatuek adierazi dute proposamen horiek ez dituztela beren eskaerak asetzen. Ratioen jaitsiera hezkuntzako etapa guztietan bermatu behar dela argudiatu dute. Horrez gain, kritikatu dute ez dutela aparteko orduengatiko ordainsaririk jasotzen, eta horrek lan-gainkarga betikotzen duela.

Akordio bat lortzeko Hezkuntza Departamentuak egindako proposamenak onartzea nahikoa izan beharko litzatekeela esan du Gimenok. Proposamena sinatzeko eskatu die sindikatuei, bestela aldaketak ezingo direla egin argudiatu du departamentuko zuzendariak. Sindikatuek uko egin diete luzatutako proposamenari eta asteartean izandako elkarrizketa kritikatu dute: “elkarrizketa urria eta ping- pong partida baten antzekoa izan da”. 

Elkarrizketa saiakerak gorabehera, sindikatuen eta langileen jarrerak irmoa izaten jarraitzen du, eta adierazi dute mobilizatzen jarraituko dutela beren aldarrikapenei modu egokian erantzun eta hezkuntza sektoreko lan baldintzak hobetuko direla bermatu arte. Orain arteko aldaketak langileak mobilizatzeari esker izan direla eta bide horretan jarraituko dutela azaldu du Steilas sindikatuak.