Nafarroako Gobernuak honako proposamena egingo die sindikatuei ostiraleko Hezkuntzaren Mahaian: aurreikusitako 320 plazetatik, 200 bakarrik ateratzea orain, 108 euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Bazterrean geratzen dira aurreikusitako euskarazko 120 plaza.
Nafarroako Gobernuak orain arte izan duen korapilorik handiena izan da Hezkuntza Sailak ateratako Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE). 2015eko azaroaren hasieran Jose Luis Mendozak zuzentzen duen sailak 425 lanpostuko eskaintza publikoa iragarri zuen, horietatik 334 216rako (320 irakasleenak eta 14 behatzaileenak). Beste 91 2017rako ziren, Bigarren Hezkuntzarako irakasle lanpostuak.
2016rako aurreikusitako 320 plaza horietatik, 228 ziren euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Horrek sua piztu zuen Nafarroako gizartearen zati batean. Hezkuntza publikoan, Afapna, CCOO eta UGT berehala agertu ziren aurka. Legebiltzarrean ere, UPN, PSN, PP eta Ezkerrak EPEaren aurkako jarrera agertu zuten.
Gobernua sostengatzen duten lau indarrean artean, Ezkerrak eta Ahal Duguk EPEaren aurkako jarrera azaldu dute, euskarazko eta erdarazko plazen arteko desoreka argudiatuz. Hezkuntza Sailaren eskaintzak hasieratik izan du EH Bildu, LAB, Eilas eta ELAren sostengua.
Mendozaren sailak hasieratik defenditu du hau EPE teknikoa zela, Hezkuntza Saileko teknikoek gomendatutakoa. Funtsean, arazoa Ingelesez Irakasteko Programatik (PAI) datorrela azaldu du sailak: hezkuntza publikoan PAIk izan duen zabalkundearen ondorioz, gaztelaniazko irakasle elebakarren soberakina dago eta ez du zentzurik jadanik soberan dauden esparrurako lanpostu gehiago sortzea (gaztelaniazko plazak).
Azaroan EPEaren berri eman zenetik milaka irakasle daude ikasten ekainerako aurreikusten ziren azterketetarako. Hilabete hauetan Nafarroako Gobernua negoziazioetan ibili da EPEan zeresanik duten aldeekin eta CCOO, UPN eta PSNren frontearen presioak oso gogorrak izan dira Hezkuntza Sailak atzera egin dezan.
Hezkuntza Sailak aste honetan egin behar zien bere eskaintza sindikatuei –ostiralean egingo die–, Nafarroako Gobernuak datorren astean erabakia publiko egin zezan.
Tartean etorri da Madrilgo Gobernuaren jokaldia, sutan zegoen arazoari gasolina gehituz: aste honetan bertan Estatuak helegitea jarri du UPNk 2015eko martxoan onartutako 358 plazako EPEaren aurka.
Estatuaren oraingo helegite hau ulertzeko 2015eko udal eta foru hauteskunde garaira itzuli behar da. Orduan Javier Esparza UPNko lehendakari gaiak 900 lanpostuko EPEa iragarri zuen bere programan.
Yolanda Barcinaren gobernua azken lau urteak lanpostuak suntsituz jardun ondoren, Esparzak ez zuen sinesgarritasun handirik eta, beraz, UPNren gobernua eskaintzaren bat egitera behartu zuen. Iazko martxoaren 25ean Nafarroako Gobernuak 358ko EPEaren dekretua egin zuen, hauteskundeen atarian: 214 plaza osasunean, 134 hezkuntzan eta 10 suhiltzaileentzat.
2013, 2014 eta 2015erako Estatuak aurreikusitako irakasleen erretiroak ordezkatzeko postuak bilduta egin zuen hezkuntzako eskaintza José Iribas kontseilariak. Dekretuak ez zuen kontuan hartu 2014ko ordezkapen plazak EPE baterako erabilgarri uzteko, 2014aren amaiera baino lehenago egin behar zuela horretarako eskari formala.
Estatuaren abokatuak orduan jakinarazi zion UPNri forma akats hori, baina UPNk aurrera egin zuen eta uztailaren 13an, gobernu berria eratu baino astebete lehenago, atzera bota zituen Espainiako Gobernuaren argudioak. Javier Esparzak zioen –eta hala defendatzen du orain ere– ez zuela zentzurik hilabete batzuen atzerapenagatik hainbeste lanpostu kolokan jartzea.
Estatuaren abokatuak sei hilabete izan du helegite hori jartzeko, baina orain egitea erabaki du, egoera are eta gehiago nahasiz. Kontua da UPNk ez zuela zehaztu hezkuntzako 134 plaza haietatik zeintzuk ziren 2014ari zegozkion ordezkapen plazak, amarru horrekin operazioa pasatuko zelakoan. Estatuaren abokatuak, beraz, denen aurkako helegitea jarri du.
Ikusiko da zer ebazten duen Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak helegiteaz, baina Mendozak orain hartu duen erabakiarekin, bazterrean geratzen dira hasieran aurreikusitako euskarazko 120 plaza. 134 plazari eragiten dion segurtasun juridikoaren gaia hor dago, baina zorro horretan sartu ditu Haur eta Lehen Hezkuntzako 120 plaza korapilotsuak.
Eta zer proposatu die sindikatuei ostiraleko bilerarako? Aurreikusitako 320 plazetatik, 200 bakarrik aterako ditu orain, 108 euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Euskaraz ziren Haur eta Lehen Hezkuntzako 120 plaza atera gabe utzi ditu (gehi behatzaileen 14ak). Horiek ekarri dizkiote arazoak CCOO, UPN, PSN, Ezkerra eta Ahal Dugurekin eta horiek utzi ditu bazterrean Nafarroako Gobernuak, haien presioen aurrean amore emanez.
Arazoa da, haien eskariak betetzeko bazterrean utzi duela Hezkuntzako Mahaiaren gehiengo sindikala (%56): LAB, Eilas eta ELA. Nafarroako Gobernuak hiru urteko epea du orain euskarazko 120 plaza horiek ateratzeko.
Euskarazko lerroetako irakasleen aldarrikapen historikoa zen zerrenda bakarrarena, baina azkenean Nafarroako Gobernuak ez du onartu, Geroa Baik horren aldeko jarrera izan badu ere.
Hezkuntzako sindikatu euskaltzaleek behin baino gehiagotan gogoratu dute nola egiten zuten zerrenda bakarraren alde Jose Luis Mendozak eta Koldo Martinezez hauek Euskara Kultur Elkargoan aritu zirenean.
Gaur egun, euskarazko irakaslea gai da klaseak euskaraz zein gaztelaniaz emateko, baina hautatu behar du euskarazko zerrendan edo gaztelaniakoan joatea. Aldarrikapena da irakasle guztiak zerrenda bakarrean joatea eta bakoitzak hautatzea non eman nahi dituen klaseak. Bi hizkuntza ofizial dituzten gainerako erkidegoetan hala da.