argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako hezkuntza sindikatuek eta eragileek mobilizazioak iragarri dituzte datorren asterako
  • Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak hartutako erabakiak “berandu” iritsi direla eta “eznahikoak” direla salatu dute hainbat sindikatu zein ikasle eta guraso elkartek. Datorren asterako sinadura bilketa masiboak, sare sozialetako kanpainak eta elkarretaratze bat iragarri dituzte.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko abuztuaren 28a
Hezkuntza munduko eragileek ostegun honetan Hezkuntzako egoitzaren aurrean egindako bilkura. (Arg.: Euskalerria Irratia)

Agerraldia egin dute gaur Iruñean LAB, Steilas, Afapna, ANPE, CCOO, ELA, UGT, SEPNA, CSIF eta USO sindikatuek; Ernai, Estudiantes en movimiento eta Gora ikasleon borroka ikasle elkarteek; eta Sortzen eta Gurasoak mugimenduan guraso elkarteek. Hezkuntza Departamentuak ikasturte berrirako hartu dituen neurriak “berandu” heldu direla eta “eznahikoak” direla kritikatu dute. Besteak beste, iragarritako 666 kontratazioetatik soilik 173 egin dituztela salatu dute, eta azalpenak eskatu dituzte horren inguruan. Ikasgeletara itzulera “itundu, seguru eta aurrez aurrekoa” exijitu dute. 

Honako neurri zehatzak eskatu dituzte:

  • Kontingentzia protokolo zehatzak irakasle ez diren langileentzat.
  • Osasun langileak eta lan osasuneko figura ikastetxe bakoitzean.
  • Kontziliazio neurriak eta aurreikuspena berrogeialdi egoeretan.
  • Familia kontziliaziorako beharrezkoak diren zerbitzu osagarri guztiak bermatzea, hala nola goiztiarren gela, espazioak ikastetxe bakoitzaren beharretara egokituz.
  • Unibertsitate eremua kontingentzia protokolo guztietan sartzea.
  • Irakasle eta ikasle ez diren langile guztiak eta ikasle zaurgarriak bereziki aintzat hartzea, ikastetxeetara itzultzean segurtasuna bermatuz.

Horiek horrela, datorren asterako zenbait mobilizazio iragarri dituzte, ikasturte hasierarekin bat eginez. Batetik, sinadura bilketa “masiboak” egingo dituzte eta kartelak jarriko dituzte ikastetxeetan; bestetik, kanpaina bat egingo dute sare sozialetan; eta, azkenik, hezkuntza komunitate osoa elkarretaratzera deituko dute irailaren 2rako, Nafarroako Jauregiaren aurrean.