argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Hezkuntza Publikoan beste greba egun bat deitu dute sindikatuek urriaren 29rako
  • Hezkuntza Departamentuan jarrera aldaketarik ikusten ez dutela-eta, irakaskuntza publikoko langileak grebara deitu dituzte berriz ere sindikatuek urriaren 29an, "negoziazioaren alde". Nafarroako Parlamentuko indar politikoak ere interpelatu dituzte, "gure aldarrikapenek behar duten inbertsioa lortzeko ahalegindu daitezen".

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko urriaren 03a
Nafarroako sare publiko irakasleak greba deitu dituzte sindikatuek bigarrenez hilabete batean.

Astebete igaro da Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek deituta Nafarroako Hezkuntza Publikoko irakasleek greba egun arrakastatsua egin zutenetik  –%60tik gorako jarraipena izan zuen, deitzaileen arabera–. Baina, salatu dutenez, "gobernuaren aldetik ez da erantzunik izan".  Hori dela-eta beste greba egun bat deitu dute irakasleen artean urriaren 29rako.

Carlos Gimenok gidatzen duen Hezkuntza Departamenduari eskatu diote "ezikusiarena" egiteari utz diezaiola eta negoziatzen hasteko: "Irakaskuntza publikoak eta irakasleek dituzten arazoei konponbidea eman nahi diegu. Eta hori orain egin behar da", azaldu dute komunikatu bidez.

Euren aldarrikapenen artean daude ratioak jaistea, gehiegizko gainkargarekin amaitzea, egonkortasuna bermatzea eta galdutako erosahalmena berreskuratzea, besteak beste.

Horretarako ezinbesteko ikusten dute gobernuak aurrekontuetan aldarrikapen horiek aintzat hartzea eta "ezartzeko behar diren egutegia eta finantziazioa" edukitzea. Hori dela-eta, sindikatuek Nafarroako Parlamentuko indar politikoak ere interpelatu dituzte, eskola publikoak behar duen inbertsioa lortzen "ahalegindu" daitezen.

Urriaren 29ko deialdirako motorrak berotzen hasteko mobilizazio eta ekintza gehiago egingo dituzte sindikatuek, eta horien berri datozen egunetan emango dutela adierazi dute.