Irakasleentzako euskarazko prestakuntza handitzea ere eskatu diote departamentuari ELA, LAB eta Steilas sindikatuek.
Praktikaldia gainditzeko prestakuntza bat egin beharra dute Hezkuntza Departamentuko praktiketako funtzionarioek, euren postuan euskaraz zein gaztelaniaz aritu. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek salatu dutenez, ordea, ikasturte hasieran departamentuak prestakuntza gaztelaniaz eskaini zuen, “ ohi bezala”. Baita D ereduan ari direnei ere. Irakasle eta sindikatuen kexuen aurrean zati bat euskaraz eskaintzen hasi zen departamentua. “Baina oraindik Lan-osasuna eta Laneko Arriskuen Prebentzioa gaztelaniaz egitera behartuta daude, Hezkuntza Departamentutik argudiatzen dutenez, atal hori emateko mediku euskaldunik ez dutelako”.
Praktiketan ari diren funtzionarioek sinadurak bildu dituzte prestakuntza euskaraz ere bermatu dadin eskatzeko, sindikatuek babestu egin dute ekimena, eta astelehen goizean aurkeztu dituzte sinadurak Hezkuntza Departamentuan.
Arazo orokorra
Euskararen aurkako politikaren arazoa praktiken prestakuntzatik harago doa, sindikatuen esanetan: “Hezkuntza Departamentuak irakasleentzat oro har eskaintzen duen prestakuntzaren %16,5 soilik eskaintzen da euskaraz, %80 gaztelaniaz izanik. Euskararen kontrako beste eraso baten aurrean gaude”.