argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako haur eskola publikoak doakoak izango direla iragarri du Gimenok
  • 27.900 eurotik beherako errentak dituzten gurasoek zein familia gurasobakarrek 0-3 urteko zikloan ez dutela ordaindu beharko aditzera eman zuen Hezkuntza kontseilariak otsailean eta, datorren legealdiari begira, unibertsaltasuna du helburu. Gobernuak euskara “sustatzen” jarraituko duela esan du, baina D ereduko eskaintza “mantenduta”.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2023ko irailaren 27a
Argazkia: Nafarroako Gobernua

Nafarroako haur eskola publikoak doakoak izango dira lau urte barru, asko jota, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak zin egin duenez. Pasa den otsailetik 27.900 eurotik beherako errentak zituzten gurasoentzako ezarritako neurria 0-3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familia guztiei zabalduko die modu honetan Foru Gobernuak.

Legealdi berriaren hezkuntza arloko lan ildo nagusiak aurkezteko batzordean, Gimenok gehitu du kurtsoa errepikatzearen eta eskola uztearen tasak “are gehiago” murriztea dituela helburu. Izan ere, nafar ikasleen %5,7k ez ditu amaitzen derrigorrezko ikasketak, “historiako daturik baxuena”, nabarmendu du kontseilariak.

Helmuga horretara heltzeko, Foru Gobernuak Nafarroaren BPGaren %5 hezkuntzara bideratuko duela esan du kontseilariak. Honekin, “landa eremuetako” behar espezifikoak artatzea espero du, hala nola, “Pirinioetako zonaldean Batxilergoko eskaintza handitzea” eta Sesma, Antzin, Zudaire edota Oronoz-Mugaireko ikastetxeetan eraikinak egitea. Irakasleen baldintzen inguruan, “oposizioetan ahalik eta postu gehien” eskainiko direla adierazi du, “egonkortzea indartzeko” asmoz.

D ereduaren "eraisketa isila"

Euskarari dagokionez, gobernuak haren “erabilera hezkuntza arloan sustatzen jarraituko duela” esan du Gimenok. Dena den, helburu hori praktikara eramateko zer egingo den ez du argitu, “dagoeneko D eredua ezarrita duten udalerrietan” eskaintza “mantendu” egingo dela adierazi baitu, baina ez da mintzatu hura handitzeaz.

Gogoratu beharra dago pasa den legealdian Nafarroako Hezkuntza kontseilaritzak eragile euskaltzaleen partetik kritika gogorrak jaso zituela, ez soilik UPNren garaietan bezala zonifikazioa mantentzeagatik, baita zonalde mistoan hizkuntza eskubideak urratzeagatik ere. Adibide gisa, iaz Mañerun gertatutakoa, non D eredua ezartzeko bertako udalean zein gizarte mailan adostasun betea egonik ere, PSN kontra agertu zen.

Zentzu horretan, Euskalgintzaren Kontseiluan ez dute aldaketa handirik espero Gimenoren lan sailaren hizkuntza politikan. Halaxe mintzatu da Kontseiluko idazkari nagusia den Idurre Eskisabel: "Nafarroako Hezkuntza sailetik etengabe diote euskara sustatuko dutela, baina hori kontraesankorra da eskaintza mantentzearekin. D ereduaren isilpeko eraisketa da benetan egiten dabiltzana. Epe luzeko estrategiak behar dira euskara sendotzeko plangintza egin ahal izateko. Baina jakin badakigu hezkuntzan euskararen teknikariak beste funtzio batzuetara bideratu dituztela. Haien ordez, euskara irakasleak txandaka jarri dituzte, euskararen trataera profesionalizaziotik urrunduta".

"Era berean, pasa den legegintzaldian PAI Ingelesez Ikasteko Programen eredua sendotu egin da, eta horrela eredu horretarako berezko lanpostuak iraunkortu", azpimarratu du Eskisabelek. "Horrek D ereduaren ahultzea dakar, seme-alabak euskaraz ikastera bidaltzen zituzten guraso askok orain ez baitute aukera hori".

Epez kanpoko eskolatze prozesua aho batez kritikatu dute sindikatuek

Sindikatuak, halaber, oso kritiko agertu dira Gimenorekin epe arruntaz kanpoko matrikulazioen kudeaketaren harira, gehienbat familia etorkinei eragiten diena. Steilas, ANPE, Afapna, LAB, SEPNA, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek, sektorean ordezkaritza duten guztiek, hilaren 19an parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin zuten kontseilariak ganberaren barruan bere programa aurkezten ari zen bitartean.

Ohar baten irakurketaren bidez gobernuari leporatu zioten kurtsoan zehar gertatzen diren eskolatze prozesuetan langileriaren ordezkarien presentzia gutxitu izana. Horregatik, salatu zuten eskola kontzertatuko patronalak sarritan bere interes ekonomikoen arabera erabaki dezakeela zein ikastetxera bidaltzen dituen ikasle berriak, familiari benetan komeni zaiona kontuan hartu gabe.