argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako hainbat zona hondamendi-eremu izendatuko ditu Espainiako Gobernuak
  • Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du akordio bat egingo dela suteek kaltetutako lurraldeak hondamendi-eremu izendatzeko.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 23a
Suak kaltetutako lurrak. Argazkia: Gotzon, @GotzonAr Twitterren.

Nafarroako Gobernuaren arabera 10.000 hektarea inguru erre dira suteen ondorioz. Horregatik luzatu zitzaion Espainiako Gobernuari kaltetutako lurrak hondamendi-eremu izendatzeko eskaera. Ekainaren 22an adierazi du Pedro Sánchezek eskaera onartua izan dela eta akordioa berehala egingo dela.

Uztailaren 4ean elkartuko da Maria Chivite Nafarroako lehendakaria kaltetutako udalerrietako alkateekin, suteek hondatutako lurrak suspertzeko lanei ekiteko.

Suteen egoera

Ekainaren 22an beste hainbat sute piztu dira, adibidez: Eritze inguruan, Tutera inguruan eta Albesen trenbide inguruan. Itzalita ez dauden sute gehienek kontrolpean jarraitzen dute, aipatutakoak barne. Sortu diren azkeneko sute gehienak trenbide inguruetan piztu dira, trenek sortzen dituzten txinparten ondorioz.

San Juan suak

Nafarroako Gobernuak herritarrei kontuz ibiltzeko gogorarazi die, izan ere San Juan suak ekainaren 24an ospatzen dira baina debekatua dago lurzoru urbanizaezinetan suak piztea 222/2016 Foru Aginduaren arabera. Foru Aginduaren 11. Artikuluak dioenez, erromeri eta herri jaietan “debekatuta dago, oro har, jarduera horretarako sua erabiltzea udaldian” —hau da, ekainaren 15etik irailaren bukaerara arte—.