argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Musika Kontserbatorioko hiru irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik
  • Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen esanetan antzeko arrazoiengatik kanporatu zuten urteak direla, baina klaseak ematera bueltatu da zentrora, jokabide berdinekin. Eserialdia egin dute ikasleek kontserbatorioaren aurrean astearte goizean, erasoak salatzeko.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 26a
Hainbat ikasle bildu dira astearte honetan Nafarroako kontserbatorioko sarreran protesta egiteko. EITB

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saileko ikuskaritzak bi irakasleen aurkako espedienteak abiarazi ditu salaketak direla eta.

Kautelazko neurri gisa, eskolak ematea eragotzi dio Hezkuntza Sailak sexu proposamenak egin izana leporatu dioten Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakasleari. Azaroaren 22an eten zioten jarduna behin-behineko neurri gisa, eta Poliziak prozedura ebatzi bitartean ez da itzuliko zentrora. Irakasle beraren aurka, martxoan, salaketa jarri zuen ikasle batek Polizian, sexu delitua egotzita, baina urrira arte ez dute neurririk hartu bere aurka eta tarte horretan irakasleak salaketa jarri zion gazteari klaseak ematen jarraitu duela salatu dute ikasleek, batzuk bakarka, Eitb-k jaso duenez.

Bigarrengo irakaslearen inguruko ikerketa ere abiarazi dute, gutxienez sei ikaslek ikasgelan jasandako iruzkin sexistak salatzeko kexa formal bat aurkeztu baitzuten zuzendaritzan. "Ikasgela osoaren aurrean, irakasle honek honelako iruzkinak egiten ditu: 'Ikasle honek eskote hori jartzen du bularrak begira diezazkiodan', edo 'hain polita den ikasle hau nire neska-laguna izan zitekeen...'", salatu dute ikasleek. Idazkia aurkeztu zenetik irakaslea bajan dago, baina bere jokabideak diziplina neurriak merezi dituela mahaigaineratu dute ikasleek. Kontserbatorioko zuzendaritzak ikasleei adierazi die, ordea, baja egoeran dagoen bitartean ezinezkoa dela bestelako zigorrik aplikatzea. Testuinguru horretan, beste 120 ikaslek babestu dute beren ikaskideen idatzia.

Hirugarren irakasle bat ere salatu dute ikasleek. Beren esanetan, "duela urte batzuk antzeko arrazoiengatik" utzi zion kontserbatorioan klaseak emateari, baina berriz ere hartu zuten lanerako, eta iruzkin matxistak egiten jarraitzen du. Azken kasu honen berririk ez zuela adierazi du zuzendaritzak.

"Erasotzaileekin ikasgelan giltzapetuta"

Ikasleek "erasotzaileekin ikasgelan giltzapetuta" daudela salatzeko eserialdia egin dute astearte goizean kontserbatorioko ate aurrean, “aldaketa bat sortzeko eta isilean sufritzen dutenei ahotsa emateko”. Hainbat urtetan "ageriko sekretu” izan dena orain publikoki salatu dutela azpimarratu dute hitza hartu duten ikasleen ordezkariek. Kontserbatorioko zuzendaritzari esker ona azaldu diote hartutako neurriengatik, baina horiek "eraginkorrak" izatea eskatu dute. "Helburua da emakume gehiagorik halakorik ez pairatzea berriro. Ez da onargarria erasotzailea tarte batez kanporatzea eta gero berriro bueltatzea", adierazi dute.

Kontserbatorioko zuzendaria eta eta zuzendaritza taldea eserialdian izan dira ikasleei babesa agertzeko. "Ez ditugu [kasuak] alfonbrapean ezkutatu, ez direlako onargarriak", adierazi du bertan Arantza Lorenzo de Reizabal zuzendariak. Azaldu du martxoan beren karguak hartu zituztenetik "arduratsuak" izan direla eta neurriak hartu dituztela, eta barne protokoloak berritu dituztela.