argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuari “proposamen serioagoak” egitea eskatu diote hezkuntza publikoko irakasleek
  • Ikasturteko bigarren greba eguna izan zuten asteartean hezkuntza publikoko irakasleek. Urriaren 29an Nafarroako hezkuntza sektoreko sindikatu nagusiek, hala nola Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT-k greba eguna egin zuten. 

Leire Ibar 2024ko urriaren 30
Iruñako Hezkuntza Departamentuaren aurrean bildu ziren manifestariak. LAB Nafarroa

Greba deialdian aldarrikatu dituzten eskakizunen artean daude, ratioak jaistea, zama burokratikoa murriztea eta soldatak igotzea. Astearte goizean hasi ziren pikete informatiboekin, eta zenbait irakaslek gaua pasa zuten ikastetxeetan. Horren ostean egin ziren manifestazio jendetsuak Iruñean eta Tuteran. Milaka lagun bildu ziren Nafarroako bi hirietan antolatutako mobilizazioetan. Sindikatuen arabera, % 60-65 ingurukoa izan da grebaren jarraipena, gobernuaren arabera, berriz, %28koa. 

ELAk positibotzat jo du greba eguna, eta aldarrikapenak lortzeko modu bakarra mobilizazioekin jarraitzea dela uste du. “Negoziaezinak ziruditen gaiak negoziazio mahaian sartu” direla aipatu du LABeko bozeramaileak eta mobilizatzearen beharra azpimarratu du ere bai, “emaitzak lortzeko bidea” dela argudiatuta. Afapnako bozeramaileak ere balorazio positiboa egin du; aurreko grebarekin alderatuta parte-hartze handiagoa izan dela azpimarratu, eta hezkuntza komunitatea “arazoez jabetzen” ari dela esan du.

Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuetan langileen eskariak kontuan hartu beharko lituzkeela azpimarratu dute sindikatuetako kideek. Mobilizazioen “arrakasta” kontuan hartuta, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari proposamen serioagoa egiteko eskatu diote. "Espero dugu fundamentuzko proposamenak ekartzea hurrengo bilerara", esan du Steilaseko kideak.