Herri batzarra eta kalejira egin dute Iruñeko Alde Zaharrean barrena astearte iluntzean. Foruzaingoak Nabarrerian jarraitzen du, auzokideei kalteak eraginez. Istiluak izan dira.
Mercaderesen bildu dira gazteak asteartean, arratsaldeko 18:00etan, denek goizean goizeko gertakarien berri izan eta ondorengo orduetako erabakiak hartzeko. Egun osoan zehar “neurrigabeko” presentzia poliziala pairatu dutela esan eta Gobernuari erantzunkizuna eskatu diote. Asteazken honetan, Alde Zaharreko bizilagunen ordezkaritza bat Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegaziora eta Nafarroako Lehendakaritza, Justizia eta Barne Sailera joango da hurrenez hurren, egoera salatzera.
“Bota nahi gaituzte”
“Ez dute ikuskatu nahi; bertatik bota nahi gaituzte”, adierazi dute Maravillas gaztetxeko kideek arratsaldeko asanbladan. Foruzainak eraikina husten ari direla salatu dute. Zehazki, hozkailuak, koltxoiak, eta gas bonbonak atera dituztela. Berez, eraikinaren egoera ikuskatzeko baimena eman zien Nafarroako Auzitegiak, baina ateratako materiala ikusita, harago jo dutela diote gaztetxeko kideek.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak astearte goizean hitza hartu zuen: “Teknikariak bertara sartu direnean eraikinean ez zegoen inor, beraz, ez da desalojo bat izan”. Horrez gain, Foruzaingoaren lana onetsi du “istiluak saihesteko” daudela esanez. Dena den, Maravillas gaztetxearen etorkizunaz galdetu diotenean ez du xehetasunik eman: “Teknikarien eta Foruzaingoaren txostenak xeheago aztertu eta ikuskatzea egin ondoren emango ditugu eman beharreko pausoak”. Euskalerria Irratiak berriki jakinarazi duenez, teknikarien txostenaren arabera, gaztetxearen instalazio elektrikoa ez dago "behar bezala".
Olloren adierazpenak gaitzetsi ditu Alde Zaharra ekimenak: “Ukaezina dena ukatu nahian dabiltza”.
Arratsaldeko 17:00ak aldera, abokatuaren laguntzaz gaztetxeko bi kidek gaztetxera sartzeko eskatu diote Poliziari. Ezezkoa eman die ordea, “baimenik ez” dutela iritzita. Abokatuak, beraz, argi esan du: “Kaleratze bat burutzen ari dira”.
La abogada intenta cruzar el perímetro policial con dos acusados de supuesta usurpación. La Policía española dice que no pueden pasar y, por tanto, la abogada afirma que se trata de un desalojo. pic.twitter.com/7Ft0UlK9Yq
— Ibai Azparren (@ibaiazparren) January 8, 2019
#MaravillasHerriarentzat #MaravillasAurrera
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) January 9, 2019
Langile batzuk ari dira lanean @maravillasGTX barruan pic.twitter.com/1g5Trx9Pdo
Nabarreria, itxita
Astearte goizetik, Nabarreria inguru osoa itxita du Foruzaingoak. Jakin ahal izan denez, inguruko bizilagunei identifikazioa eskatu diete etxera sartu nahi zutenero, eta horrez gain, bertako negozio guztiek ezin izan dituzte ateak ireki. Indar polizialak noiz arte egongo diren ez da zehaztu, baina herri batzarrean esan denez, ostegunera arte iraun dezake.
Herri batzarraren ondorengo istiluak
Kalejira zaratatsuari ekin diote batzarraren ondoren, “Maravillas aurrera” lelopean. Gaztetxe ingurura gerturatu direnean, baina, Foruzaingoarekin topo egin dute. Istiluak izan dira, batik bat Karmen kalean. Gomazko pilotak tirokatu dituzte foruzainek. Zaurituak izan dira, baina ez da haien kopuruari eta egoerari buruzko xehetasun gehiagorik.
Esto acaba de ocurrir en las inmediaciones del gaztetxe Maravillas. pic.twitter.com/o2XqjAONKA
— Ibai Azparren (@ibaiazparren) January 8, 2019
Ahotsa.info-k zabaldutako bideoa, atzo arratsaldeko gertakarien laburpena: