argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuaren hezkuntza deialdiaren aurka bozkatu dute Ahal Duguk eta Ezkerrak
  • 320 irakasle postutik, 228tan euskaraz jakitea eskatuko lukeen lan eskaintzaren aurka UPNk, PSNK eta PPNk aurkeztutako adierazpenekin bat egin dute Ahal Duguk eta Ezkerrak. Bi adierazpenek Lan Eskaintza Publikoak “bereizkeria eta desoreka” eragiten duela azpimarratu dute.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 10
Barikuan aurkeztu zuten lan eskaintza publikoaren zirriborroa. 2016 eta 2017 urteetan 425 lanpostu publiko eskaintzea proposatu du gobernuak. (Diario de Noticias)

Jose Luis Mendozak Nafarroako hezkuntza kontseilariak barikuan aurkeztu zien lan eskaintza publikoaren zirriborroa mahai sektorialeko sindikatuei. 2016 eta 2017 urteetan 425 lanpostu publiko eskaintzea proposatu du gobernuak. Datorren urtera begira, 320 irakasle postu eskainiko lituzke Hezkuntza Departamentuak, eta horietatik 228tan euskaraz jakin beharko lukete.

Proposamenak hautsak harrotu ditu parlamentuan. UPNk, PSNk eta PPNk gogor egin dute lan eskaintzaren aurka. Javier Esparza UPNko bozeramaile eta oposizioko buruak “izaera politikoa” egotzi dio proposamenari, eta Nafarroako herritarrak bi mailatan sailkatzen dituela adierazi du. PPNren esanetan “izaera sektarioa” du proposamenak. PSNko Maria Chivitek ere bide beretik jo du: “Berdintasunik eza eragingo du lan eskaintza honek”.

Kontra bozkatu duten gobernuko bi alderdiek gaztelaniazko ereduetako irakasleengan izango duen eragina erabili dute euren erabakiaren arrazoi gisa. Ezkerrako Jose Migel Nuinek irakasleen %70 PAI edo gaztelerako ereduetakoak direlako  proposamenak “desoreka handiak” eragiten dituela argudiatu du. Laura Perez Ahal Dugu-ko buruak azaldu du behin-behinekotasunak era berean eragiten diela gaztelaniazko zein euskarazko hezkuntza ereduetako langileei.

Gaur bertan bildu dira gobernua osatzen duten lau alderdiak hezkuntza kontseilariarekin. Mendozak lan eskaintza publikoaren proposamena azaldu nahi izan die lau alderdieei. Batzarra bukatu ostean Geroa Baiko Maria Solanak adierazi du proposamenean erabili dituzten datuekin "bat egiten dutela". EH Bilduren ustez batzarra "ondo joan da" eta lan eskaintza proposamenak forman egin du huts ez edukian. Aurka bozkatu duten alderdiek ez dute aldatu euren jarrera. Ahal Duguk proposamena berrikustea eskatu du, eta Ezkerrak bestalde, erretiratzea.

Nafarroako Gobernuaren harridura

Geroa Bai eta EH Bildu “harritu” egin dira gobernuko beste bi alderdiek hartutako erabakiarekin. Adolfo Araizek gaineratu du desoreka egotekotan euskararen kontrakoa dela. Uxue Barkosek Euskalerria Irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi du gertuko kideek kritikak egin behar dituztela, egoera politiko sendo bat adierazten duelako. “Hala ere, Gobernuak bere lana egin behar du, nahiz eta Parlamentuan kideen kritikak jaso”.

Barkosek azaldu du lan eskaintza honen proposamena “erabat teknikoa” dela eta sortutako polemika oso artifiziala: “Orain hain kritika sutsuak egiten dituzten sindikatuek zergatik ez dute protesta egin azken hamar urteotan PAI ezartzeko ingelesa zekiten irakasleak kontratatu dituztenean, eta gazteleraz soilik zekitenak bazterrean utzi dituztenean?”.