argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuaren 4.305 milioi euroko aurrekontuak onarpenaren atarian
  • Aldaketaren alderdiek 20 milioiko zuzenketak adostu dituzte Nafarroako 2019ko aurrekontu orokorretan eta dagoeneko dena prest dago foru legebiltzarrak Nafarroako Gobernuaren 2019ko aurrekontuak onar ditzan, abenduaren 10a eta 14a artean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2018ko azaroaren 22a
Aldaketaren alderdiek 128 zuzenketa adostu dituzte. (Arg.: EH Bildu)

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuen aurreproiektu legeak 4.305,3 milioi euro aurreikusten ditu. Horietatik 4.010 milioi bere ohiko jardunean gastatzeko da –Gobernuaren arabera iaz baino %3,11 gehiago– eta 295,5 milioi euro finantza gastuetara bideratuko dira.

20 milioi euroko zuzenketak onartu dituzten aldaketaren lau alderdiak pozik agertu dira Nafarroako Gobernuak legealdiko laugarren aurrekontua aterako duelako aurrera. Azken legealdian UPNk lehena atera zuen eta beste hiruak luzatu. Lau alderdiek azpimarratu dutenez, zuzendutako 20 milioi horiekin gastu soziala indartzen da.

Hauteskunde atariko giroa ere agerikoa da eta Ahal Dugu ofizialeko hiru parlamentariek asteazken arratsaldean haien onarpen kritikoa azaldu zuten hedabideen aurrean. Besteak beste, kritikatu zuten ez dutela lortu aurrekontu partehartzaileak egitea.

Oposizioak 814 zuzenketa aurkeztuko ditu, horietatik 297 PSNrenak, aurrekontuari 181 milioi euro gehiago gehituz, eta hautako gehiena AHTko proiektuari eskaintzea proposatuz. Aldaketaren lau alderdien 26 botoek Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak babestuko dituzte.

ELA eta LAB oso kritiko

ELA sindikatuak urtero egiten du aurrekontuen azterketa zorrotza eta aurtengoan azaldu duenez, aurrekontuak iazkoak baino 40 milioi gutxiago ditu: 4.343,9 milioi euro 2018an eta 4,305,3 milioi 2019an.

ELAk, halaber, gogor kritikatzen du Madrilek finkatutako egonkortasun arauek guztiz baldintzatzen dituztela aurrekontu hauek. Salatu du baita ere aurrekontua gero eta txikiagoa dela Nafarroako BPGarekiko eta horrek adierazten duela gastu publikoa gutxitzen ari dela: adibidez, 2008an BPGaren %23,3 zen eta 2019an %20,1. BPGan pisurik ez galtzeko, aurtengo aurrekontua 4.461,2 milioi eurokoa izan beharko litzateke, ELAn arabera.

LAB ere kritiko agertu da aurrekontuekin eta hauek egin diren moduarekin: “Nafarroaren autonomia, fiskalitate eta aurrekontu politikari dagokionez, oso mugatua da, bankaren zorrak instituzio publikoen bizkar gainean uzteko Madrilek ezarritako arauen menpe baitago”.

Kopuruei dagokionez, LABen esanetan, aurrekontuak langileen ekarpenean oinarritzen dira: “Patronalak asko irabazten jarraitzen du, areago hazkunde garai honetan, eta ekarpen urria egiten du”. Eta honako datuak eskaintzen ditu hori erakusteko: “Barne Produktu Gordinetik patronalak bereganatzen duen zatia 2006ko %42,3tik oraingo %47,1ra igaro den bitartean, Elkarteen Zerga %35etik %28ra igaro da epealdi berean”.

Bi sindikatuek gogor kritikatu dute Nafarroako Gobernuak Kontseilu Ekonomiko Sozialean aurrekontuekin daraman jarrera, alderdien arteko akordio programatikoan aurrekontuak eragile sozialekin modu partehartzailean egingo zirela aurreikusten zelako eta, beren esanetan, hori ez delako betetzen ari.