Talde parlamentario ia denek (UPN salbu) adostu dute Nafarroako udalerrietara dirua banatzeko modua aldatzea. Sistema honen helburua herritar denek zerbitzu eta azpiegituretara duten irisgarritasuna parekatzea da eta horretarako lurralde justizia eta elkartasunean oinarritutako aldagaiak gehitu dira eta finantzazioaren zati bat udal erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzuen araberakoa izango da. Hurrengo urtean 271,7 milioi euro bideratuko da udaletara, egun baino 16,4 milioi euro gehiago. Sistema berriarekin, udal txikiek finantzazio bidezkoagoa jasoko dute: 1.000 biztanletik behera dituzten 189 herrik 26,7 milioi euro jasoko dituzte, egun baino %15 gehiago. Orain arteko sistemak "lurralde desberdinkeria" sortzen duela aitortu du Nafarroako Gobernuak.
Gaur egun, Iruñeak pertsonako 432 euro jasotzen du, aldiz, 20.001 eta 50.000 biztanle artean dituzten herriek 280 euro jasotzen dituzte pertsonako, eta 2.001 eta 5.000 biztanle artean dituztenek, berriz, 325 euro pertsonako. "Urteekin gero eta nabarmenagoa den lurralde desberdinkeria" sortzen du egungo sistemak, Nafarroako Gobernuaren hitzetan, eta hori konpontzeko sistema berria adostu du Gobernuak, talde parlamentarioen babes ia erabatekoarekin.
Sistema berria osatu aurretik, oinarri teorikoak landu dituzte Ogasun Publikoko, Ekonomia Aplikatuko, hainbat unibertsitatetako Geografia eta Lurralde Antolaketako akademikoek, baita tokiko administrazioaz eta herrien husteaz arduratzen diren teknikariek ere.
Aldagai hauek hartzen ditu kontuan sistema berriak, udalerri bakoitzari dagokion diru kopurua zehazteko: biztanleria, pobrezia arriskuan den biztanleria, 65 urtez gorako biztanleria eta zahartze maila, herriaren azalera publikoa zenbatekoa den, herriaren nukleoen dispertsioa zenbatekoa den, lurraldeari egiten dion ekarpena, ibilgailuen gaineko zerga eta komunalak baliatzeagatik dituen diru-sarrerak.
2.500 biztanlez beherako herrietan, bere biztanleriari dagokion zenbatekoa mailaka igotzen da kopuru finkotan. Horrela, sistemak bermatzen du, udalerririk txikienak ere gutxieneko kopuru bat izango duela oinarrizko gastu komunei aurre egiteko, biztanle kopuruaren menpe egon gabe.
Aipatu berri diren aldagai hauen arabera 196,6 milioi euro banatuko dira 2022an.
Horrez gain, 44,5 milioi euro banatuko dituzte udal erakundeek ematen dituzten zerbitzuen arabera. 0-3 adin tarteari eskainitako zerbitzuak hartuko dira kontuan: haurreskola, eskola eta liburutegiak.
16,2 milioi euroko funtsa sortuko dute Lurralde Kohesiorako, eta bertatik baliabide ekonomikoak jasoko dituzte Nafarroaren lurralde garapena eragiten duten eta lurralde orekari ekarpena egiten dioten herriek. "Hiriburutasunaren Kartaren bidez, egungo eredua Iruñean soilik zentratua dago eta trantsizioa egin nahi dugu eredu globalago baterantz, herri denek Nafarroako lurralde garapenari egiten dioten ekarpena kontuan hartuko duena", Nafarroako Gobernuak adierazi duenez.
Lurralde Kohesiorako funts hau sei printzipio hauetan dago oinarritua (Nafarroako eta Europako Lurralde Estrategian bildutakoak): irisgarritasuna, kontserbazioa, lehiakortasuna, lurralde kohesioa, polizentrismoa eta nortasuna. 30 herri inguruk baliatuko dute: Iruñea, Tutera, Tafalla, Lizarra, Zangoza, Baztan, Altsasu, Biana, San Adrian, Azkoien, Gares, Irurtzun, Agoitz, Doneztebe, Bera, Leitza, Esteribar, Auritz, Otsagabia, Izaba, Irunberri, Lekunberri, Los Ascos, Lodosa, Caparroso, Milagro, Corella, Cascante eta Cortes.
Herrien %84ek, 228 udalerrik alegia, bere finantzazioa hobetuko dute; 43 udalerrik pareko jarraituko dute eta herri bakarrak ikusiko du txikiagotuta aurrekontua: Iruñeak 86,35 milioi euro jasoko ditu, egun baino %2 gutxiago.
Hiri buruzagiak poltsa txikiagoa izango du baina Iruñerriko udalek egun baino %14 gehiago jasoko dute, guztira 49,28 milioi euro. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, "Iruñeko Udalak gutxiago jasoko dituen 1,7 milioi euroak praktikan Egues Ibarrak jasoko ditu, zeinak egun baino 1,5 milioi euro gehiago jasoko dituen (guztira 6,2)". Bailarako herriek ere gehiago jasoko dute: Aranguren herriak 2,53 milioitik 3,28 milioi eurora pasatuko da (750.000 euro gehiago); Berriozar 3 milioitik 3,6 milioi eurora; Zizur Nagusia 4,27 milioitik 4,76 milioira; Noain 2 milioitik 2,4 miliora; Berrioplano 1,6 milioitik 2 milioira; Huarte 1,74 milioitik 2,16 milioira (400.000 euro gehiago); eta Burlata 6 miliotik 6,4 milioira.
Beste hainbat hirik ere finantzazio handiagoa jasoko dute: Tuterak 13,9 milioi euro jasoko ditu (2,4 milioi euro gehiago); Lizarrak 5,4 milioi (400.000 euro gehiago); Zangozak 1,87 milioi (225.000 euro gehiago); Tafallak 4,19 milioi (600.000 euro gehiago); Baztanek 3,19 milioi (500.000 euro gehiago); Altsasuk 2,7 milioi (285.000 euro gehiago) eta San Adrianek 2,37 milioi euro (318.000 euro gehiago).
Herri txikiagoek ere finantzazio hobea jasoko dute, zerbitzu publikoak indartu eta husteari aurre egiteko baliabide gehiago izateko. Adibidez, Azuelo egungo 22.275 eurotik 34.845 euro jasotzera pasatuko da (%56); Pitilla Aragoi 13.485 euro jasotzetik 31.522 jasotzera (%133); Erronkari 109.698 euro jasotzetik 140.590 jasotzera (%28)...