argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak taberna barneak irekiko ditu hilaren 26an
  • Kutsatze datuak hobeak direla eta, horrek egoera oso arriskutsutik arriskutsura pasatzea ahalbidetzen duela azaldu du Nafarroko Gobernuko eledun Javier Remirezek ostiral honetan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko otsailaren 19a
Argazkia: Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkartea.

Horrek hainbat neurriren lasaitzea ekarriko du, besteak beste ostalaritzan eta espazio pribatuetan. Datuen bilakaera ona bada, datorren 26tik aurrera taberna barneak irekiko dira %30eko okupazioarekin eta kontsumizioa mahaian eserita eginda, beti ere lau pertsona baino gehiago bildu gabe. Neurri berriak martxoaren 11ra arte egongo dira indarrean.

Espazio pribatuetan, halaber, bi familia unitateko sei pertsona bildu ahal izango dira. Terrazek irekita jarraituko dute %100ean, eta peñek eta elkarteek oraingoz itxita, baina azken hauei buruz elkarrizketa lerro bat irekita dagoela zehaztu du eledunak, ahal denean dagokion bermearekin ireki daitezen. Nafarroa osoko itxiera perimetralak ere bere horretan mantenduko da eta baita ere etxeratze agindua, 11:00tatik 6:00etara.

Ramirezek jakinarazi duenez, gobernua “beti saiatu da herritar guztien interesari eusten osasun publikoa eta jarduera ekonomiko ahalik eta handiena orekatuz”. Bere esanetan, positibitate tasa aste honetan %3,3koa da eta azken bi asteetakoak %3,6 eta %5,5ekoa izan dira. 89 gaixo daude ospitaleetako eremu arruntean eta 23 Zaintza Intentsiboko Unitateetan.