Gobernuak adierazi du ez duela beste aldera begiratuko "nazioarteko erasoaldi faxistaren eta ultraren aurrean", eta ez dituela onartuko "gorrotoarekin lotutako" eraso gehiago.
Nafarroako Gobernuak gogor salatu du “eskuin muturreko pintaketa faxistak” agertu zirela astelehen goizaldean Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak duen bulegoan, Iruñea erdialdean. Bulego horretan Atzerritartasunaren arloko Aholkularitza Zerbitzua, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Arreta Zerbitzua eta Migrazioen arloko Oinarrizko Informazio eta Orientazio Zerbitzua eskaintzen dira.
Gertakaria Foruzaingoaren aurrean salatu du Nafarroako Gobernuak, astelehenean zabaldutako oharrean zehaztu duenez. Ohar berean, Begoña Alfaro hirugarren lehendakariordeak eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak adierazi du erasoaren egileek “argi” izan behar dutela gobernuak ez duela beste aldera begiratuko “erasoaldi faxistaren eta ultraren aurrean”, eta ez dituztela onartuko “nazioarteko gorroto kanpaina baten baitan” kokatzen diren ekintza gehiago.
Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen hiru zerbitzuek milaka pertsona artatzen dituzte urtean zehar: Atzerritartasunaren arloko Aholkularitza Zerbitzuak migratzaileei euren egoera legala erregularizatzeko argibide burokratikoak emateaz arduratzen da; Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Arreta Zerbitzua, berriz, atzo goizaldeko gisako ekintzak salatzeaz; eta Migrazioen arloko Oinarrizko Informazio eta Orientazio Zerbitzua, azkenik, Nafarroako Gobernuak zein beste hainbat instituziok eta erakundek migrazioaren arloan dituzten eskaintzak helarazteaz.