argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuaren lan eskaintzak %40ko behin-behinekotasuna mantenduko duela salatu dute
  • Aste honetan Nafarroako Gobernuak 3.588 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du lege dekretu bidez, eta sindikatuek salatu dute ez dela aurrerapausorik egingo.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko maiatzaren 27a
(Argazkia: ELA Nafarroa)

Ostiral honetan elkarretaratzea egin dute ELA, ESK, Steilas sindikatuek eta Nafarroako Behin-Behineko Langileen Asanbladak Nafarroako Foru Aldundiaren egoitzan, aste honetan Nafarroako Gobernuak onartu duen lege dekretuak hobekuntzarik ekarriko ez duela salatzeko.

"Egonkortze dekretu" honekin 3.588 lanpostuko lan eskaintza publikoa egingo dute Nafarroan, baina behin-behinekotasuna %40an mantenduko dela adierazi dute sindikatuek.

"Edo egonkortzen gaituzue, edo prekarizatuko gaituzue" zioen pankartarekin egin dute protesta, eta lanpostuen kontsolidazioaren aldeko oihuak bota dituzte. Izan ere, lege dekretu honek behin-behinekotasuna jaitsiko ez duela diote sindikatuek, %40an mantenduko baita; Europak eskatzen duen %8tik oso urrun daude Nafarroako datuak.

Lan eskaintza publiko berria

Nafarroako Gobernuak eskainiko dituen 3.588 lanpostu berrien %80,5a (2.889) meritu-lehiaketa bidez esleituko dira, eta gainontzekoak, berriz, oposizio-lehiaketa bidez (699 guztira).

Hainbat sailetarako lanak esakiniko dituzte. 1.417 lanpostu osasungintza sektorekoak izango dira, 766 irakaskuntza ez-unibertsitariokoak, eta gainontzeko 1.405 lanpostuak Foru Administraziokoak eta organismo autonomokoak izango dira.