argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak onartu du ez dagoela ur nahikorik Nafarroako ubidearen obran hitzemandako edukiera asetzeko
  • Konponbide gisa, Óscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak aurreratu du sobera ur jasotzen duten ureztatzaileei erabiltzen ez dutena Erriberara bidaltzeko eskatuko diela.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2023ko azaroaren 24a
Itoizko urtegiaren presa, Nafarroako Ubidera ura askatzen. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

“Aspertu arte errepikatzen digute Nafarroako ubideak Erriberan 21.000 hektareatik gora ureztatzeko balioko duela. Saltzen digute nahi dugun ur guztia aldi berean garraiatu ahal izango duela obra honek, baina zenbakiek diote 15.000 hektareara helduko dela gehienez”. Horrela mintzatu zaio Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailea Nafarroako Legebiltzarrean Oscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariari.

Sailburuaren agertzea UPNk eskatu zuen ubidearen Bigarren Fasearen obrak noiz hasiko ote diren argitzeko, baina kontseilariaren iragarpen esanguratsuek beste norabide bat hartu dute Araizen txandaren ostean. Izan ere, sailburuak ez du eperik zehaztu eta 2023ko azken hiruhilekorako aurreikusita zeuden obren atzerapena Espainiako Gobernuaren eraketari esleitu dio.

Edukierari dagokionez, ordea, adierazi du kanalaren Lehen Faseko erabiltzaileek jasotzen duten uraren %30 ez dutela kontsumitzen eta, hortaz, Nafarroako Gobernuak eskatuko diela kontsumitzen ez dutena Bigarren Fasera itzultzeko Erriberara bideratu dadin. “Elkartasuna eskatuko diegu, bermatzen diegun eskubidea pribilegio bihur ez dadin”, laburbildu du Chivitek.

Datu horiek kontuan hartuta, Araizek honako hau ondorioztatu du: “Erriberan ura egon badago eta ubideak era bai, besteak beste, Lodosakoa, Inperiala, Bardeetakoa, Taustekoa, eta abar. Egia da toki batzuetan ez dela giza kontsumorako aproposena, baina erkidegoaren hegoaldean dagoen industria eta giza kontsumorako eskaria asetzeko ez da inoiz beharrezko izan horrelako obratzarra”.

EH Bilduk finantzaketaren inguruko azalpenak eskatu ditu

Ingurumen eraginaz gain, Araizek ubidearen finantzaketaren inguruko zalantzak mahaigaineratu ditu: “2013tik Canasari 77 milioi euroko diru-laguntza eman zion Nafarroako Gobernuak, eta aurtengo datuen arabera enpresaren altxortegian 67 milioi euro omen daude”. EH Bilduko bozeramaileak esan du bere alderdiak honen inguruko “azalpen publikoak” eskatuko dituela eta Nafarroako Ubidearen “jarraipen ekonomiko estua” egingo duela.

Chivitek azaldu duenez, erdia diru publikoaren bitartez finantzatuko da, eta beste erdia erabiltzaileen bidez. “Ez dugu nahi nafar guztiek zentzugabekeria hau ordaintzea”, erantzun dio Araizek.