argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak muga berriak ezarri ditu COVID-19a zabaltzea saihestu nahian
  • Urriaren 13an sartuko dira indarrean neurri hauek Nafarroa osoan, eta hasiera batean bi asterako izango direla iragarri du María Chivite lehendakariak. Hauek dira neurrietako batzuk: gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira bai eremu publiko zein pribatuan, espazio itxietako edukiera %30 eta %40ra murriztuko da jardueraren arabera, eta tabernak 22:00etan itxi beharko dira.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 12a
Chivite lehendakaria neurri berriak iragartzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Urriaren 11n iragarri ditu neurri hauek María Chivite Nafarroako Lehendakariak hedabideen aurrean. Nafarroako Gobernuaren webguneak honela azaldu ditu hartutako neurri guztiak. Egun horretan orain arteko kutsatu kopuru handiena eman zen Nafarroan: 546 positibo, egindako PCRen %17,6. Joan den astean Nafarroako Gobernuaren helburua PCRen %5era iristea zen.  Urriaren 12ko Nafarroako Buletin Ofizialean argitaratuko dira, eta 13an jarriko dira indarrean, hasiera batean, 14 egunerako.

Ezingo dira sei pertsona baino gehiago elkartu

Eremu publikoko eta pribatuko bileretan, parte-hartzaileen kopurua sei pertsonakoa izanen da gehienez ere, elkarrekin bizi direnen kasuan izan ezik.

Kultur areto eta liburutegietan %30eko edukiera

Liburutegiek edukieraren %30 erabili ahalko dute eta ez dute haurrentzako jarduerarik egingo. Era guztietako kultur aretoak erabiltzeko ere %30eko edukiera jarri dute (gehienez 100 lagun) eta eserlekuak aurrez esleitu beharko dira. Bisitetan eta gidaturiko jardueretan taldeak sei pertsonakoak izanen dira.

Aire zabaleko aretoetan ere gehienezko edukiera %30ekoa izango da eta 300 pertsona elkartu ahalko dira.

Ostalaritzan barneko aforoa %30ekoa, terrazetakoa %50ekoa 

Ostalaritzan eta jatetxeetan, baimendutako edukiera %30ekoa izango da barneko kontsumorako. Mahaian eserita kontsumitu beharko da beti, barnean zein terrazetan. Terrazetan, baimenduriko gehienezko edukieraren %50 onartuko da. Mahai-multzoetan, barnean zein terrazetan, ezin izanen dira sei pertsona baino gehiago egon, eta elkarren arteko distantzia 1,5 metrokoa izanen da.

Eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanen da une oro, kontsumitzeko une zehatzean izan ezik.

Denda txiki, ertain eta oso handietan %40ko edukiera

Txikizkako merkataritzako establezimendu eta lokaletan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehienezko edukieraren %40. Neurri bera da hipermerkatuetan eta gainazal ertain eta handiko saltokietan.     

Azokak egiteko arauak

Azoka txikietan, aurrez aurre dauden saltokien artean iraganbide bat egonen da. Bide horretatik ibiliko dira merkatuko erabiltzaileak, eta bermatu eginen da haien arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izatea eta bideak gutxienez 4,5 metroko zabalera edukitzea. Bata bestearen ondoan dauden saltokien artean elementu isolatzaileak jarriko dira, elkarrekiko independenteak izan daitezen, edo, hala ez balitz, batetik besterako 1,5 metroko tartea izanen dute gutxienez.    

Tabernak 22:00etan itxi beharko dira

Ostalaritza-establezimenduek eta jatetxeek 22:00etan itxi beharko dute, lokala hustea barne, etxez etxe janaria zerbitzatzen dutenek izan ezik.

Gastronomia elkarteak itxi egin beharko dira, herriko biltoki bakarrak direnak izan ezik

Gastronomia-elkarteek eta peñek itxita egin beharko dute eta jarduera eten beharko dute, 500 biztanletik beherako udalerri eta kontzeju txikietan daudenek izan ezik (herri horietan kafetegirik, jatetxerik eta tabernarik ez badago, eta herritar guztien biltoki bakarrak badira). Kasu horietan, ostalaritzako establezimenduetarako ezarri diren irizpideak bete beharko dituzte.

25 laguneko hiletak, gune irekietan

Ehorzketetan eta gaubeiletan, pertsonen elkarretaratzeak 25 pertsonara mugatuko dira gune irekietan, eta 10era toki itxietan. Segizioak 15 lagunekoak izanen dira gehienez ere.

Ospakizunetan 12 pertsona barruan eta 18 kanpoan

Zenbait ospakizunen kasuan (hala nola ezkontzak, jaunartzeak, bataioak, sendotzak eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso eta zibilak, eta elkarretaratzeak oro har, zeremoniaren ondoren ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan egin litezkeenak) errespetatu eginen dira pertsonen arteko segurtasun-neurri orokorrak eta, kasu orotan, 1,5 metroko aldentzea. Ezin izanen dira, inola ere, 12 pertsona baino gehiago egon barnean, eta 18 baino gehiago kanpoan. Ez da baimenduko dantza egiteko pistak edo xede horrekin egokituriko bestelako guneak erabiltzea.

Gurtzarako guneetan baimenduriko gehienezko edukieraren %30 erabili ahalko da, eta beti bete beharko da erabiltzaile bakoitzarentzat 2,25 metro koadro izateko araua. 

Kirol instalazioetan %30eko edukiera barruan eta %40 kanpoan    

Kirol-instalazioen barnean egiten diren jardueretan ezin izanen da baimenduriko gehienezko edukieraren %30 gainditu, eta kanpoko aldean, %40.  Ez da baimenduko aldagelak, dutxak eta iturriak erabiltzea. Toki itxietan zuzenduriko ariketa fiskoak egiteko taldeak sei pertsonakoak izanen dira gehienez, eta maskara erabiltzea nahitaezkoa da.

Kirol-jarduera profesionaletan ez da ikuslerik izanen.

Apustu-aretoek 22:00etan itxi beharko dute

Joko- eta apustu-establezimenduek %30eko edukiera izango dute eta 22:00etan itxi beharko dute, hustea barne.

"Ez dugu ontzat ematen pertsona-portzentaje batek hil behar duenik gehienek beren bizimodua egiten jarrai dezaten"

Chivitek hedabideen aurrean onartu du pandemiaren bilakabidea txarra dela Nafarroan, eta beharrezkoa dela “heldu diren hamalau egunetan nabarmen murriztea ezinbestekoak ez dien jarduera guztiak, egoera hobetu eta udazkenari eta neguari hobeki aurre egiten ahal izateko. Une hau larria da, baina garaiz gaude oraindik. Ez dugu agertoki latzago batera joan nahi. Gure filosofia argia da. Ez dugu ontzat emanen pertsona-portzentaje batek hil edo larriki gaixotu behar duenik gehienek beren bizimodua egiten jarrai dezaten, ezer gertatuko ez balitz bezala. Gertatzen ari baita. Bizitza guztiek dute balioa. Bizitza guztiak hartu behar dira aintzat. Eta heriotza bakoitza tragedia bat da, drama bat da, eta uko egiten diogu hala izan behar duenik onartzeari. Gobernu honek borrokan jarraituko du, neurriak eta baliabideak ezarriz, bizitzak salbatzeko eta herritar guztien osasuna babesteko”.