Gobernuko lau alderdiak Bardeetako tiro eremua ixtearen alde egin dute. UPN eta PSN, berriz, beraiek 2008an sinatutako akordioaren alde agertu dira. Akordio horrek hogei urte gehiagoz luzatuko luke presentzia militarra eta 2018an sartuko litzateke indarrean.
Asteazkenean Nafarroako Parlamentuko Justizia eta Barne batzordeetako kideak tiro eremuan izan ziren. Defentsa Ministerioak gonbidatu zituen Bardeetan presentzia militarrak eragiten dituen ustezko ingurumen-onurak erakusteko, Noticias de Navarrak azaldu duenez. Bisita PP, PSN eta UPNk eskatu zuten, gobernuko lau alderdiek eremua ixteko duten nahiaren aurrean.
2008an UPN eta PSNk sinatutako akordioaren arabera, Defentsa Ministerioaren esku geratuko lirateke eremuak hartzen dituen 2.200 hektareak. Trukean ministerioak hogei urtean 210 milioi euro ordaindu beharko lizkioke Bardeetako Komunitateari.
Egun, instalazio hauen aurka dago parlamentuaren gehiengoa eta hala adierazi zuten eremuan izan ziren Geroa Bai eta Podemoseko kideek. EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra, berriz, ez ziren joan “presentzia militarra ez normalizatzeko” eta “jarrera bakezalea” arrazoituta.
Etorkizun zalantzagarria
Geroa Baik Defentsa Ministerioari eskatu dio luzapenarekin aurrera jarraitzea ez dadila aldebakarreko erabakia izan eta bete dazala hau berrikusteko hartutako konpromisoa. Uxue Barkosen Gobernua prest legoke tiro eremuaren inguruan dauden herriei ministeriotik jasotzen duten dirua eskaintzeko baimena kenduko balute, elconfidencialdigital.com-ek dioenez. Gobernuak proposamena aurrera eramanez gero, Defentsa Ministerioa eremua desjabetzeko prest egongo litzateke atari digitalaren esanetan.
PPk eta UPNk berriz, Bardeetako Komunitatearen –lur eremu horien jabearen– autonomia errespetatzeko eskatu dute. Bardeetako Komunitateak baimena emana du eta bertako presidentea Defentsako estatu-idazkari Agustín Conderekin bildu zen tiro eremuarekin aurrera jarraitzeko asmoz.
Jada debekatuta dago uranio aberastuaren erabilera, baita suzko armena ere, urtean behin egiten den “Tormenta” izeneko ariketan izan ezik, militarrek parlamentariei azaldu dietenez. Helikopteroen erabilera ere debekatua dago, 2015ean batek eginiko tiroen ondorioz pertsona bat zauritu ostean.