María Chivite presidenteak lankidetza publiko-pribatua “beharrezkoa” ikusten du aurrerapen digitala lortzeko. Besteren artean, adimen artifiziala erabiliko du Microsoft Ibéricak, instituzioetako izapideak “arintzen laguntzeko”.
María Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Alberto Granados Microsoft Ibéricako presidenteak akordio bat sinatu dute asteartean, ekainaren 19an, “eraldaketa digitala eta berrikuntza” ekarriko duena Nafarroako lehendakariaren hitzetan. Hitzarmenak arlo guztietan digitalizazioa ekarriko duela nabarmendu dute, baita sektore publikoan ere, eta Chivitek azpimarratu du eraldaketa digitala lortzeko lankidetza publiko-pribatua “beharrezkoa” ikusten duela.
Chivitek adierazi du administrazioak “erabilgarria, funtzionala eta herritarrentzat ahalik eta eraginkorrena” izan behar duela. Nafarroako Gobernuak aipatutako eraldaketa digital hori lortzeko tresnetako bat adimen artifiziala izango dela aipatu dute. Tresna horrek “administrazioan izapideak arintzen” lagunduko duela nabarmendu du Alberto Granadosek.
Akordioak “enpresa-lehiakortasuna hobetzea eta talentu digitala bultzatzea” eta “enpresa-sarea indartzea eta lan-aukerak sortzea” ekarriko duela aipatu du Nafarroako presidenteak. Izan ere, Microsoft Ibéricak aurreikusi du akordioari esker Nafarroan 1.000 lanpostu sortuko direla eta BPGa 400 milioi igoko dela hurrengo hiru urteetan. Hala ere, instituzio publikoen eta enpresa pribatuen arteko hitzarmenek kritikak piztu ohi dituzte.
Eusko Jaurlaritzak eta Googlek 2022ko apirilean lau urtezko lankidetza akordioa sinatu zuten eta aditu eta eragile ugarik “pribatizazioaren alde” egiten zutela salatu zuten. Akordioak “kontraprestazio ekonomikorik” ez zekartzala zehaztu zuten, baina testuak ez zuen zehaztu Googlek zer onura izango lituzkeen eta nolako tratamendua izango zuen datu pertsonalei dagokionez.
Hezkuntzan Librezale plataformak prentsa-ohar baten bitartez nabarmendu zuen Googlek “nahi duenean egin ditzakeela aldaketak” eta Europako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra ez errespetatzeagatik “isunik altuenak jaso dituztenen artean” dagoela. Akordio horretan hezkuntza lege berrirako akordioan jasotako 16. puntua urratzen zuela salatu zuen plataformak, non “ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna” errespetatzea eta “baliabide teknologiko auditagarriak, berrerabilgarriak, libreak eta gardenak” erabiltzea aipatzen den.
Orain, Nafarroako administrazioko digitalizazioa gobernuak Microsoft konpainia pribatuaren esku utzi du, eta ikusteke dago nola eragingo dien herritarren datuei.