Nafarroako "eremu mistorako" deialdi bakoitzean, banan-banan, zehaztu beharko da euskarari zein atzerriko hizkuntzei ematen zaien puntuazioa, eta eremu ez euskaldunean ez da euskara baloratuko. Nafarroako Gobernuaren "jarrera euskarafobo, atzerakoi eta erreakzionarioaren baitan" kokatu dute erabaki hau Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.
Bost urte pasa dira Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Merezimenduen Dekretuaren hainbat zati baliogabetu zituenetik; eta azkenean, berria onartu du Nafarroaren Gobernuak azaroaren 6 honetan. Euskalgintzak irakurketa argia du: euskal hiztunen eskubideak urratzen ditu dekretu berriak eta euskarari aitorpena ukatzen dio. 2019ko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak ekarritako hutsunea estaltzera etorri behar bazuen ere, azkenean, 2017ko Foru Dekretuaren jatorrizko neurriak "edukiz hustu" izana salatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. "Atzerapauso larritzat" jo du euskalgintzak testu berria: "Kontseiluarentzat atzerapauso onartezina da, eta gobernuaren jarrera euskarafobo, atzerakoi eta erreakzionarioaren baitan kokatzen du erabaki hau".
Legeak ezarritako eremu mistoan, ez-euskaldunean eta administrazioko zerbitzu zentraletako lanpostuetan, euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea ahalbidetzen zuen 103/2017 Foru Dekretuko 31., 35. eta 39. artikuluak eta laugarren xedapen iragankorra baliogabetu zituen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2019ko urrian, "diskriminatzaileak" eta "neurriz kanpokoak" zirela argudiatuta. Bost urte berantago onarturiko dekretuak atzerapausoak dakartza euskararen normalizazioaren bidean. "Alderdi eta presio talde batzuen esanetara diseinatu dute dekretu hori, eta 2019ko epaiak ebatzitakotik harago ere joan dira, euskararen pisua murrizteko garaian", adierazi dio Berria-ri Agurne Gaubekak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak.
Geroa Bai alderdiak ere kritikatu egin du testua, nahiz eta alde onak ere ikusten dizkion: "Defizit handiak ditu, baina egungo egoera hein batean konpontzen du".
Arau orokorrari segi, deialdi bakoitzean erabaki beharko da zein puntuazio ematen zaien euskarari eta atzerriko hizkuntzei (frantsesa, ingelesa eta alemana), lanpostu bakoitzaren behar bereziak aztertu eta gero. Baina, dekretuak ez du zehazten zein lanpostutan baloratuko den euskararen eta beste hiru hizkuntzen ezagutza. Euskararen ezagutza eremu mistora zabaltzeko aukera dakar dekretuak, baina ez modu orokorrean, "lanpostuarekin eta bere ezaugarri espezifikoekin zerikusia duenean". Hori horrela, deialdi bakoitzean "balorazio indibidualizatua" eginen da. Eremu ez-euskaldunean, berriz, ez da baloratuko euskara jakitea.
Orain arte, legeak ezarritako eremu "ez-euskaldunean" euskararen ezagutza baloratu ahal izan da lanpostu batzuetarako. Dekretu berriarekin hori ere ezabatu da, baina Nafarroan ofizialak ez diren atzerriko hizkuntzak baloratu ahal izanen dira –alemana, ingelesa eta frantsesa–. Eremu "mistoan" berriz, 1994an euskararen ezagutza %10 eta %5 baloratzen zen, 2009tik aurrera lanpostu batzuetan %3 eta besteetan %6. Orain ordea, guttieneko balorazio orokortu hori ere bazterturik da eta lanpostu jakin batzuetan bakarrik baloratu ahalko da euskararen ezagutza.
Merezimenduen Dekretu berriak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu ez zituen neurriak baino atzerakoiagoak ezartzen dituela salatu du Kontseiluak: "Horrek argi uzten du dekretu berriaren helburua ez dela auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea, baizik eta euskal hiztunen eskubideak zokoratzen jarraitzeko intentzionalitate osoa duela eta, finean, gutxiagotutako hizkuntza eta hiztunen diskriminazioa betikotzeko".
Oinarria 1986ko Euskararen Legeak ekarritako zonifikazioan jartzen dute Kontseiluak eta Behatokiak: "[Zonifikazio] horrek ahalbidetzen du horrelako dekretu bat onartu ahal izatea. Izan ere, orduko zonifikazioaren bidez ebatzi zen Nafarroan bi mailako herritarrak daudela, bizitokiaren arabera, herritar batzuei hizkuntza-eskubide guztiak aitortzen zaizkiela eta besteei ez". Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko duen Euskararen Lege berri bat aldarrikatu du euskalgintzak. 1986ko Euskararen Legea aldatu eta Nafarroa osoan euskara ofizial egiteko eskaera zuzena egin izan dio Euskararen Nafar Kontseiluak Nafarroako Gobernuari behin baino gehiagotan, tartean 2022ko irailaren 16an onarturiko adierazpenean –ARGIAk ere sostengatu eta izenpetu zuen agiriarekin–.
Horrez gain, "parametroak aldatzeko" garaia dela nabarmendu du euskalgintzak: "Ez dezagun hitz egin puntuazioez edo merituez, hitz egin dezagun herritarrek beren hizkuntzan administrazioarekin jarduteko duten eskubideaz. Ez da gauza abstraktu bat, administrazioan euskaraz jarduteko eta erantzuna hizkuntza berean jasotzeko eskubideaz ari gara".