argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak LGTBI+ Kontseilua sortu du
  • Nafarroako LGTBI+ Kontseilua sortu du Nafarroako Gobernuak gaurko bileran onartutako foru-dekretuaren bidez. Horrela betetzen da 2017ko LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako legeak agintzen zuena. LGTBI+ taldeak, gazteria, adineko pertsonak, sindikatuak eta FNMC, besteak beste, egonen dira ordezkatuta kontseilu berri honetan.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko martxoaren 27a

Kontseilua kide anitzeko organoa izanen da, aholku-emaile izaerakoa, eta LGTBI+ pertsonen eskubide eta betebeharren gainean herritarren parte-hartzea antolatuko du.

Eginkizun nagusiak

Organoaren eginkizun nagusiak hauek izanen dira: LGTBI+ pertsonen berdintasunerako derrigorrezko txostenak egitea; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuen jardueran hobetzeko proposamenak egitea; LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala sustatzeko eta bultzatzeko neurriak proposatzea; eta sexu-orientazio, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitatearen bidezko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioaren diskriminazio- edo urratze-egoerak jakinaraztea eskumeneko organoei, horien berri jakiten dutenean.

Era berean, Kontseiluak urtero jasoko du Nafarroako Gobernuak egindako txostena, eta, bertan, sexu-orientazio, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitatearen bidezko dibertsitatearen aurkako tratamenduaren testuinguruan detektatutako ekintzak jasoko dira.

Osaera

Kontseiluko kideak honako hauek izanen dira: Nafarroako Foru Komunitateko edo erakunde autonomoetako Administrazioko Departamentuetako bost ordezkari, osasunean, hezkuntzan, eskubide sozialetan, justizian, gazterian, barnean, enpleguan eta kirolean eskumena dutenetakoak; gizarte-ehuna edo Nafarroako LGTBI+ taldeak eta erakundeak ordezkatzen dituzten zortzi pertsona; Nafarroako gazteria ordezkatzeko pertsona bat, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak proposatuta; adineko pertsonak ordezkatzen dituen pertsona bat, Nafarroako Adineko Pertsonen Kontseiluak izendatua; LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsan edo arretan pertsonalki edo profesionalki nabarmena den pertsona bat, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako eskumeneko erakundeak proposatuta; Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ordezkatzen duen pertsona bat, horrek proposatuta; eta Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza gehien duten lau erakunde sindikal bakoitza ordezkatzeko pertsona bat.

Kontseiluaren lehendakaritza-kargua izango du LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako politiketan eskumena duen Departamentuko titularrak; hau da, une honetan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollo Hualdek; lehen lehendakariordea izango da LGTBI+ pertsonen berdintasun sozial arloan eskumena duen erakundeko Zuzendaritza-Kudeatzailetzaz arduratzen den pertsona, INAI-NABIko zuzendari kudeatzailea, Mertxe Leranoz; eta bigarren lehendakariordea Nafarroako LGTBI+ taldeak ordezkatzen dituen pertsona, Kontseiluak berak izendatua kideen artetik.

Nafarroako LGTBI+ Kontseiluaren funtzioak betetzeko, lan-batzordeak eratu ahal izango dira, duten interesa dela-eta horrela eskatzen duten gai ezberdinak aztertze aldera.

Albiste hau EUSKALERRIA IRRATIAk kaleratu du eta CC-By-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.