argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak lehen aldiz Poliziaren eta eskuin muturraren biktima politikoak aitortu ditu
  • Motibazio politikoko lehen hamabi biktimarentzat aitortza eta erreparazio ekitaldia egin da maiatzaren 30ean Iruñeko Baluarte aretoan. Ekitaldia urtero egiteko asmoa agertu du Gobernuak.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 31
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako kontseilaria Baluarteko ekitaldian. Argazkia: Euskalerria Irratia.

Hauek dira aitortza jaso duten hamabi biktima politikoak: Mikel Zabalza, Mikel Arregi eta Jesus Maria Fernandez jada hilak; Jose Ramon Velez eta Mintxo Ilundain 1978ko sanferminetan zauritu zituztenak; Gloria Bosque, frankismoan torturak jasan zituena; Carmen Garatea, Triple A-ren atentatu baten biktima; Joanes Molina, 16 urterekin begi bat galdu zuena Espainiako Poliziaren pilotakada baten erruz; Santiago Jaunarena, Juan Luis Albizu, Josu Irañeta eta Josu Imaz torturen biktima izandakoak.

Ekitaldian biktimek eta haien senideek hartu dute parte, baita biktimen espediente eta eskaerak aztertzen ari diren Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko kideek ere. Hainbat erakundetako ordezkariak ere izan dira, hala nola Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren elkartea, Arartekoa, unibertsitateak, sindikatuak, eta giza eskubideen arloari lotutako elkarteak.

Nafarroako Gobernuaren izenean Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako kontseilariak hitz egin du. Ollok biktimen eta biktimen senideen aurrean onartu du aitortza berandu datorrela: “Hau iraganean kalte eta indarkeria bidegabea eta justifikaezina jasan duzuenontzako errekonozimendu- eta erreparazio-ekintza da. Ekintza honen bidez, gobernuak onartzen du kalte hau orainaldian onartuta soilik eraiki ahal izango dela etorkizunean gizarte benetan demokratikoa eta baketsua. Badakigu errekonozimendua zuentzat berandu datorrela, eta osatu gabea dela, gainera. Zauri horiek ixtea zaila bada ere, bihotzez espero dut ekitaldi honek luze itxarondako errekonozimendu eta konponketa horretan lagunduko duela”.

Gobernuaren Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordea gutxienez beste 60 espediente jorratzen ari da.

Senideen adierazpenak

Mikel Arregi eta Mikel Zabalzaren arrebek hitza hartu dute ekitaldian. Hala esan du Arregiren arrebak: “Une honetara atzetik aurrerako bidean iritsi gara, baina osorik egin nahi dugu bidea. Mikelen kasua ez zen apartekoa izan torturaren praktikari dagokionez, hilik bukatzeak egin zuen berezi. Hau da, tortura ez da salbuespena izan, aitzitik, jardun orokortua izan da, ongi antolatua, goi mailatan diseinatutakoa eta milaka biktima utzi dituena".

Zabalzaren arrebak familiaren izenean eskerrak eman dizkio Nafarroako Gobernuari: “Uste dugu pauso garrantzitsua dela, eta bideak ireki ditzake aurrera begira legea hobetzeko, eta sekretu ofizialak desklasifikatu ahal izateko legea osatze bidean".  

Josu Irañetak eta Fermin Ilundainek ere hitza hartu dute; lehena, Torturaren Sareko kidea eta funtzionario publikoek eragindako indarkeria fisiko eta psikologikoaren biktima, eta bigarrena, balaz zauritua 1978ko sanferminetan.