argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako intsumisio mugimenduari buruzko artxibo historikoa aurkeztu dute
  • Nafarroako Memoriaren Institutuak, frankismoaren amaieran sortu eta 90eko hamarkadan gizartea astindu zuten kontzientzia-eragozpen eta intsumisio dinamiken 6.000 dokumentu batu ditu.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 16a

Artxibo historikoa lau atal nagusitan banatzen da: dokumentazioa, hemeroteka, kartelak eta memoria. Artxibo historikoa Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren webgunean kontsulta daiteke. Etengabe berritzen joango da, artxibo berriak sartuko baitituzte aurkitu bezain laster. Nafarroako Memoria Institutuarekin harremanetan jarriz gero, dokumentazioa edota pertsona partikularren bizipenak partekatu ditzakezu, INM@navarra.es emailaren bitartez.

Dokumentazioaren atalean, KEM-MOC, Kakitzat, Presoen Intsumisoen Batzarra, EHGAM, Carlos Rey, Iñaki Subiza eta Juanjo Morenoren 2.006 dokumentu-unitate kontsulta daitezke.

Hemerotekan, Iñaki Subizak antolatutako bilduma erakusten du eta 3.952 prentsa-ebaki aurkitu daitezke, goiburu eta argitalpen urtearen arabera antolatuta.

Kartelak eta eranskailuak atalean, Andoni Romeoren bilduma kontsulta daiteke; horien artean, kartelen eta eranskailuen 403 irudi nabarmentzen dira.

Memoria atala arakatuta, 16 elkarrizketa kolektiborekin gozatu ahalko dugu, baina atal hau maiatzetik aurrera egongo da webgunean.

Nafarroako Memoriaren Institutuak 2018an Pedro Oliver Gaztela-Mantxako Unibertsitateko irakasleari agindu zion ikerketari esker egin da dokumentuen bilketa. Bruno López ikertzaileak garatu, du Fernando Mendiola irakaslearen laguntzarekin.