argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak Kantauri-Mediterraneoko korridorean nahi du AHTa
  • Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko presidenteordearen proiektua babestuko du Barkosek. ADIFek zor dituen 45 milioiak berreskuratzeko, auzi-errekurtsoa jarri dezake Nafarroako Gobernuak.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 21
Abiadura Handiko Trena Mediterraneo-Kantauriko korredorean ikusi asmo du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak.

Espainiako Estatuaren konpetentzia izaki “ezer aurreratzea zail ikusten” duen arren, Nafarroako AHT sarea Kantauri-Menditerraneo korridorearen zati izatea nahia du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, euskal Y-arekin lotura izateaz gain. AHTa ezartzeko proiektuaren egungo egoeraren berri izateko batzordera deitu du PSNk, eta han egin ditu adierazpenok.

Hasiera batean Nafarroan 200 kilometroko sarea egitea aurreikusten bazen ere, azkenean Iruñea eta Castejon arteko 70 kilometroko zatia soilik sartu zuten proiektuan. Alabaina, hura ere egin gabe dago, Barkosek adierazi duenez: “Castejon eta Iruñearen artean ez dago ezer”. Presidentearen arabera, 2013an PPren Espainiako eta UPNren Nafarroako Gobernuek geldiarazi zituzten lanak, eta bere horretan diraute hiru urte geroago.

Barkosek azaldu duenez, “Nafarroak lanen kostuei aurre egitea ezinezkoa da”, eta ADIFek ez du diru gehiago jarri nahi. Hala, “proiektua egungo behar eta erronketara” egokitzeko asmoa adierazi du. Bide horretan, zehaztu du Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko presidenteordearen proiektua babestuko duela: salgaiak eta bidaiariak nahasten ditu proiektuak. EH Bilduko Adolfo Araizek aurreratu du ezezkoa emango diola “dirua xahutzen duen trenari”.

Adifi kontu eske

AHTaren hasierako proiektua egiteko 80 milioi euro aurreratu zituen Nafarroako Gobernuak, eta 45 itzultzeko ditu Adifek. Hala, falta zaizkion milioiak berreskuratzeko asmoa agertu du Barkosek, eta adierazi du ez duela baztertzen administrazioarekiko auzi-errekurtso bat zabaltzeko aukera.

Espainiako Gobernuak txosten juridiko batzuei egozten die ordainketaren atzerapena, baina Barkosek ez du ontzat eman Madrilen azalpena: “Lehen zatia ordaintzeko arazorik ez zuten izan”. Hala, zehaztu du ekainaren 30ean Obra Publikoen eta Garraioaren zuzendari publikoak dirua itzultzeko exijitu zuela. Gauza bera eskatu du EH Bilduk ere: “Adif eta Espainiako Gobernua Nafarroari lapurretan ari zaizkio. Zor dizkiguten 45 milioi euroak itzultzea nahi dugu”.