argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak hutsik dauden 2.638 etxebizitza identifikatu ditu
  • Urtarriletik ekainera bitartean ehundaka izan dira aurkitutako etxe hutsak. Iruñerrian, Antsoainen, Burlatan, Tafallan, Oliten, Erriberrin eta Caparroson zentratu da errolda.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 16a
Sarasate Pasealekua

Nafarroako Gobernuak 2638 etxebizitza huts topatu ditu joan den urtarriletik gauzatzen ari den ikerketa batean, Noticias de Navarra egunkariaren arabera.

Lurralde Antolamendurako Sailak atzo jakinarazi zuenez, Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusia hutsik egon daitezkeen higiezinak arakatzen jardun da azken seihilekoan. Horretarako, uraren kontsumoaren eta beste zenbait adierazleren gaineko kontrola egin dute. 2.638 etxebizitza izan dira zantzuok aurkeztu dituztenak, eta horien %72a Iruñerrian dago. 1.816 etxebizitza atzeman dituzte Nafarroako hiriburuan, 69 Burlatan eta 23 Antsoainen. Beste 499 Tafallan, 202 Erriberrin eta 29 Caparroson.

Foru Erkidegoko exekutiboak dio hustutako etxebizitzatzat jotzen dutela “bizilekuan egondako azken egunetik urtebeteko epean sei hilabete baino gehiagoz jarraian erabiltzen ez denean". Hala ere, bigarren etxebizitzak ez dituzte kontuan hartu. Beraz, zifra errealek 2.638tik gora jo dezakete.

Jabego handiak

Etxebizitza hutsez gain, Foru Erkidegoko etxebizitzen jabetzak ere aztertu dituzte. Honako zifrak ageri dira 20 etxebizitzatik gora dituzten titularrei gainbegiratu bat bota ezkero: 4.896 higiezin 53 titularren eskuetan aurkitzen dira, horrek titular bakoitzeko 92ko bataz bestekoa suposatzen du. Pisuon %63a alokairuaren kudeaketan jarduten diren 7 enpresen eta Artzapezpikutzaren menpe daude. 1.978 etxe 64 finantza-erakunderenak dira, edota haien higiezinen filialenak eta titulazio-funts aktiboenak bestela. Horien artean 18 dira 20 jabetza baino gehiago dituzten jabego handiak. Euren eskuetan dauden etxeen artean 596 hutsik daude, 91 Iruñerrian.