argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak helegitea jarri dio Sanferminetako talde bortxaketaren epaiari
  • Aurreko sententzia baliogabetzeko eskatu eta beste zigor eskaera bat egin du Nafarroako Gobernuak.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 28a
Talde bortxaketaren epaia jakin ostean, jendea haserre Iruñeko auzitegi parean (Ahotsa)

Esandakoari men eginez, Nafarroako Gobernuak 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren epaiari helegitea jarri dio gaur goizean, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioan. Gobernuko zerbitzu juridikoek adierazi dutenez, Zigor Kodeko 178, 179 eta 180.1 artikuluak hautsi egiten ditu epaiak bortxaketa ‘sexu abusu’-tzat jota. Are gehiago, epaitutako gertaeran bost sexu eraso identifikatzen ditu Nafarroako Gobernuak, eta hori horrela, aurreko sententzia baliogabetzeko eskatu du.

Bere partetik, bost akusatuentzako beste zigor eskaera bat aurkeztu du Nafarroako Gobernuak: hemezortzi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra, behin epe hori beteta hamar urteko zaintzapeko zigorrari bide emango liokena.

Intimitatearen aurkako delitua ere antzeman dute helegitean, hiru urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta hogeita bat hilabetean zehar bederatzi eta hamabost euro arteko kalte-ordaina ordaintzeko beharra eskatuz horregatik.

Horretaz gain, akusatuetako batentzat hiru urteko zigor gehigarria ere eskatu dute, zerbitzu juridikoek deritzotenaren arabera biktimaren sakelako telefonoa indarkeria eta larderiaz lapurtzeagatik.

Guztira 22na urteko kartzela zigorra eskatu dute lau akusaturentzat, eta 25 urteko kartzela zigorra bosgarrenarentzat.