55 hezitzaile gehiago kontratatuko dituzte datorren ikasturtean Nafarroako 0-3 zikloan eta hezitzaileen soldata %12 igoko dute. Hobekuntza horiek ez dituzte langileen gutxieneko eskaerak asetzen, ordea.
Maiatzean greba abiatu zuten Nafarroako 0-3 urte bitarteko hezkuntza publikoko hezitzaileek Nafarroako 0-3 plataforman batuta, eskoletako baldintzak hobetzeko eskatzeko. Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udalerrien Konzejuen Federazioak kudeatzen dute 0-3 urteko hezkuntza publikoa, eta greba bultzatu zuen plataformarekin negoziatzen aritu zen.
Akordiorik gabe heldu zen ikasturte amaiera eta uztailera arte iraun zuen lanuzteak. Nafarroako Gobernuak orduantxe iragarri zituen ikasturte berrirako hainbat hobekuntza. Soldatak hobetzeko 4,5 milioi euro gehiago eta 55 irakasle berri kontratatuko zituztela esan zuten, eta 2023-2024 urterako ia beste hainbeste kontratatzeko konpromisoa hartu zuen gobernuak.
Azkenean, Nafarroako Gobernuak 4,3 milioi euro handituko dute diru-partida. Besteak beste, 55 hezitzaile gehiago kontratatu eta soldatak handituko dizkiete langileei. Hezitzaileen soldata %12 handituko da eta garbitzaileena %19. Hobekuntza garrantzitsuak izanik ere nahikoa ez direla adierazi du 0-3 plataformak, eta Europako gomendioetatik oso urrun daudela haien baldintzak. Asteburu honetan Arbizun elkartuko dira haur-eskoletako langileak datorren ikasturtean zer egin erabakitzeko, baina aldarrikapenekin jarraituko dutela adierazi dute.