argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak euskararen erabilera ikertzeko hitzarmena sinatu du Soziolinguistika Klusterrarekin
  • Soziolinguistika Klusterrak 2021ean hasiko dituen hiru ikerketa proiektu hitzartu dituzte. 25.000 euroko inbertsioa egingo du Nafarroako Gobernuak horiek finantzatzeko.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 08a

Nafarroako Gobernuak eta Soziolinguistika Klusterrak ekainaren 7an aurkeztu dute 2021erako sinatu duten akordioa. 25.000 euroko aurrekontua bideratuko da eskualdeko ikerketa soziolingustikoa garatzeko hiru proiektuetarako. Lortutako emaitzak Nafarroako hizkuntza errealitatera egokituko diren politikak garatzeko oinarri izango dira.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Mikel Irizar Soziolinguistika Klusterraren lehendakariak aurkeztu dute proiektua, Mikel Arregi Euskarabidearen zuzendariak eta Imanol Larrea klusterraren zuzendariak lagunduta.

Hauek dira martxan jarriko dituzten hiru proiektuak: Hizkuntz Erabileraren Kale Neurketa, Aldahitz ikerketa eta Eremu euskalduneko haurren hizkuntza-jardunbideen eta bizipenen ikerketa. Proiektuak 2021ean jarriko dira martxan, eta euskararen berreskurapena eta normalizazioan lagunduko duten hizkuntz politikak sustatzeko abiapuntu izango dira lortutako datuak.

Hizkuntz Erabileraren Kale Neurketa bost urterik behin egiten den azterketa da, eta biztanleen egunerokotasuneko euskararen erabilera neurtzeko erabiltzen da. Eremu euskalduneko haurren hizkuntza-jardunbideen eta bizipenen ikerketa, berriz, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleen hizkuntz ohituretan zentratuko da. Hirugarren proiektua lan-mundura bideratuta dago: esperientzia pilotuak martxan jartzen dira, enpresetan euskararen erabilera sustatzeko.

Klusterraren datuak

Soziolinguistika Klusterrak plazaratutako kale-ikerketaren arabera, 2016ko neurketetan, Nafarroan puntu bat igo zen euskararen erabilera, 2011ko datuekin alderatuta.