Alfaro kontseilariak “aurreko hamarkadetako politika espekulatiboak” kritikatu ditu eta kolaborazio publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du Foru Legebiltzarrean. Helburu gisa jarri du Europa erdialde eta iparraldeko datuetara heltzea. Etxebizitzaren esparruan lan egiten duten gizarte mugimenduek errezeloz hartu dituzte adierazpenok, eta gogoratu ostiral goizean etxe kaleratze bat gerarazten saiatuko direla Iruñean.
Nafarroako Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilari Begoña Alfarok Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin du Foru Gobernuak plazaratu berri duen Nafarroako Etxebizitzari buruzko txostena baloratzeko, EH Bilduk eskatuta. Bertan agertzen diren azkeneko datuak kontutan hartuta, 2023ko abendukoak, Nafarroako Gobernuak etxebizitza publikoen eskariaren %3 baino ez du asetzen. Alokairuaren kasuan, %1,1ekoa da datua, 15.054 eskaerarentzat 166 eskaintzarekin. Erosketari dagokionez, %8,2koa da, 6.192 eskaera eta 506 eskaintzarekin.
Hala ere, “bide onetik goazela” ondorioztatu du Alfarok, “Nafarroa etxebizitza publiko gehien eraikitzen ari den erkidegoa baita: 1.000 biztanleekiko 1,25, Espainiako Estatuko bataz bestekoa den 0,25aren oso gainetik”, aipatu du. “Halaber, Europako erdialdeko eta iparraldeko herrialdeekin alderatuko bagenitu gure datuak, ez geundeke batere hurbil, eta hori izan behar da gure helmuga”, aitortu du.
Kontseilariak dioenez, Nafarroa helburu horretatik urrun dago “aurreko hamarkadetako politika espekulatiboak direla eta”. Izan ere, Foru Gobernuak 2022ra arte ez baitzuen ezarri etxebizitza babestu berrien kalifikazio mugagabea. “Iraganeko neurriak ordaintzen ari gara eta egungoen emaitzak 15 edo 20 urte barru ikusiko ditugu”, adierazi du eraikuntza berriei dagokienez. Datorren urterako babes ofizialeko 728 etxebizitza berri iragarri ditu Alfarok.
“Eta bitartean, zer?”, galdetzen omen dute ase gabeko eskariaren datuen atzean dauden pertsonek, gazteek batez ere. Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren Emantzipazio Behatokiaren azken txostenaren arabera, Nafarroako gazteen %16,2 baino ez dago emantzipatua, eta gurasoen etxetik alde egiteko bataz besteko adina 30 urte baino gehiagokoa da.
Etxebizitzaren salerosketarako Internet bidezko Idealista plataforma ezagunari begiradatxo bat botaz gero, argi antzeman daiteke fenomeno honen zergatia: esate baterako, momentu honetan Iruñea osoan alokairuan bizitzeko 700 eurotik behera balio duten sei etxebizitza daude soilik. Prezio hori da, izan ere, Nafarroako Gobernuak Emanzipa diru laguntza eskatu ahal izateko ezarri duen muga.
Horregatik, Alfarok iragarri du datozen hilabeteetako lehentasuna “bigarren etxe bat duten eta alokatu nahi ez duten jabeei informazioa eskaintzea” dela, alokairu poltsa publikoan sar dezaten haien higiezina. Baina ez du zehaztu nola erakarriko dituen jabeak Gobernuak bultzatu nahi duen Nasuvinsa enpresa publikoaren bitarteko kolaborazio publiko-pribatu horretara.
Haritu etxebizitza sindikatuko Martin Zamarbidek, ordea, ez du itxaropenik ikusten proposamen horretan: “Sozialdemokraziak ez die irtenbiderik eskaintzen kalean geratzen ari diren familiei eta egoera okerrera doala ikusten ari gara, ez bakarrik enpresa handiengatik, baizik eta jabe txikien erruz ere bai. Hutsik dauden etxebizitzak jabetza publikora pasa ezean eta oso merke merkaturatu ezean ez dago asko egiterik. Jabegoa geroz eta etekin gehiago pilatu ahala, orduan eta jende gehiago miseria gorrian geratzen doa”.
Gazteak alde batera utzita, egoera zaurgarrienean dauden familiak dira arazo hau gehien pairatzen dutenak. Marta Antoñana gizarte langileak horrelako askorekin harreman zuzena dauka Iruñeko Paris 365 entitatean lan egiten duelako. “Ez dugu ahaztu behar etxebizitza eta gizarte politikek egoera irregularrean dauden pertsonak baztertzen dituztela, ezin baitute laguntza publikorik jasotzeko izena eman”, gogora ekarri du.
“Bestalde, izena ematen dutenetatik, asko itxaron zerrendan geratzen dira, Nasuvinsan gertatzen ari den bezala. Nafarroako Gobernuak berriki esan du 17.000 lagunek izena eman dutela babes ofizialeko etxebizitzako programetan, baina ez du aipatu jada ez dutela jende gehiago sartzen uzten”. Ondorioz, “Estatuko daturik hoberenak izateak ez du ezer erakusten etxebizitzaren inguruko gizarte politikaz”, esan du Antoñanak.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistako Iker Narbonak ere “alderaketa horiek gorrotagarriak direla” uste du. Bere iritziz, erkidego guztiak premisa berdinean oinarritzen dira etxebizitza politika kudeatzeko: “Negozioa ez da ukitzen”. Gazteak dio badakiela “instituzio kapitalistek” ez dutela egoera irauliko, baina ez dute “ezta haien esku dagoena” egiten ere. “Nola azaldu bestela etxegabetzeak agintzen dituzten banketxeen etxebizitzak ez espropiatzea?”.
Galdera horren harira, ostiral honetan, urriaren 4an, Artikaberrin Ibercajak agindutako etxegabetzea geldiarazteko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren deialdia zabaltzeko aukera probestu du Narbonak. Elkarretaratzea 8:30etan izango da Maiatzako Plazako Amak kaleko 3. zenbakian.