argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak etxealdeen neurria mugatu asmoz legea aldatuko du
  • Nafarroako Gobernuak Abereen Osasunerako legea aldatuko du, etxaldeen neurriari gehieneko muga jartzeko asmoz.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 24a
Argazkia: Greenpeace

Nafarroko Gobernuak Caparrosoko behi etxalde erraldoiari handitzeko baimena eman behar izan dio, baina Izaskun Gomez, Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak halakorik ez gertatzeko neurriak hartuko dituela adierazi du.

2019an Uxue Barkosen gobernuak etxaldeen neurriaren inguruko arau bat onartu zuen, baina foru dekretua baino ez zen. Berria komunikabideak azaldu duenez,  Nafarroako Justizia Auzitegiaren ustez gobernuak ez zuen inolako eskumenik Valle de Odieta kooperatibari Caparrosoko etxealdea handitzea debekatzeko. 

Gaur egun Caparrosoko etxaldeak 3.500 abelbururentzat du baimena baina Greenpeacek salatu duenez ia 5.000 abere daude bertan. Astelehenean Greenpeacek Caparroson protesta egin zuen, etxalde horretatik putzu batera filtratutako tona bat ur zikin itzuli zituen baltsara, esplotazioak inguruko urak eta lurrak kutsatzen dituela salatu nahi zuten.

Greenpeacek hurrengoa adierazi du bere blogean, “Protesta hau Nafarroako Gobernuak eman duen baimenaren ondorioz sortu da, Caparrosoko etxaldearen ahalmena bikoiztu ahalko da, 3.450 behi ustiatzeko baimena izatetik 7.200 ustiatzeko baimena izatera igaro baita”. “Etxaldeak 150.000 tona simaur sortzen ditu urtean. Nafarroako biztanle guztiek, 654.214 lagun,  283.605 tona etxeko hondakin sortu zituzten 2019an”, salatu dute.