argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak biktima gisa onartu du poliziak ke pote batez zauritutako Mikel Iribarren
  • 1991n zauritu zuen larri ke pote batekin Espainiako Poliziak Iruñean eta 31 urte ondoren lortu du instituzio publiko baten aitortza biktima gisa. Espainiako Gobernuak ere kalte-ordaina ordaindu behar izan zion, baina ez da kasuagatik poliziarik zigortu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko uztailaren 05a
Mikel Iribarren Ahotsa.infoko elkarrizketa batean.

Presoen sakabanaketaren aurkako manifestazio bat egiten ari zen Iruñean 1991ko abenduan eta haren aurka oldartu zen Espainiako Polizia Aduanako Zokoan, Iruñeko Alde Zaharrean. Polizia batek jaurtitako ke pote batek Mikel Iribarreni aurpegia txikitu zion 18 urte zituenean. Koman iritsi zen Nafarroako ospitalera eta bertan igaro behar izan zituen 459 egun. Gaur egun, eraso haren ondorioak jasaten ditu eta 2010ean betirako ezgaitasun osoa onartu zioten.

Kasu ezaguna egin zen Euskal Herri osoan eta bere izena urte luzez agertu izan da haren kasuari oihartzuna eman dioten hedabide apurretan, auzia ere urte luzez luzatu zelako. Zigor arloko bide judiziala 1994an iritsi zen bere amaierara eta Iribarrenek erantzukizun zibila eskatu zion orduan Espainiako Gobernuari; orduko Jaime Mayor Orejaren Barne Ministerioak uko egin zion. Espainiako Auzitegi Nazionalak, dena den, gobernua behartu zuen 60.000 euroko kalte-ordaintzera.

2003an, aldiz, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen epai hori, argudiatuta gaztea bere borondatez zegoela manifestazioan eta, beraz, horrekin hartzen zuen arriskua bereganatu behar zuela; poliziak ke potea proportzioz jaurti zuela ebatzi zuen. Urte berean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berretsi egin zuen gorenaren epaia.

Iribarrenek Europara jo zuen orduan eta 2009an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Gobernua zigortu zuen auziagatik eta 170.000 euroko kalte-ordaina ezarri zion. Orain arte aipatutakoak bide judizialaren urrats nagusiak dira, emandako pauso zehatzagoak Naiz-ek bere garaian landutako kronologia honetan irakur daitezke.

Orain, azken boladan beste biktima batzuekin egiten ari den moduan, Nafarroako Gobernuko Ezagutza eta Erreparazio Batzordeak aztertu du Iribarrenen kasua eta polizia indarkeriaren biktima dela ondorioztatu du: “Poliziak ez zuen kontuan hartu zegoen heriotza arriskua eta ondoren ere ez zuen esku hartu ondorioak gutxitzeko”. Espainiako Gobernuak, dena den, Estrasburgoko Auzitegiaren zigorra onartu arren, ez du inoiz tiro egin zuen Espainiako Polizia identifikatu.