Legezko epea amaitu ostean eman du Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko departamentuak Aurretiazko Administrazio Baimena jaso duten zentralen berri: 17 parke eoliko eta beste 17 fotovoltiko egitea aurreikusi dute, gehienak Nafarroa hegoaldean. Denera 1.314 MWko potentzia izango lukete zentralek.
Berriztagarrien 34 proiekturi baimena eman die Nafarroako Gobernuak: 17 zentral eolikoak izango dira beste 17 eguzki parkeak edo fotovoltaikoak. Proiektu horiek Ingurumen baimena daukate, baita Aurretiazko Administrazio Baimena ere.
Apirilaren 24an amaitzen zen legezko epea energiaren arloan neurriak hartzeko, Espainiako Gobernuak 2020an onartutako lege dekretu batek dioenez, eta haren biharamuna aukeratu du Nafarroako Gobernuak, baimendu dituen zentralen inguruko datuak emateko.
Nafarroan egingo diren zentral eoliko berriek, denera 430 MWko potentzia izango dute, eta fotovoltaikoek aldiz, 894 MWkoa. Hortaz, denera 1.314 MWko potentzia izango da: "Nafarroak bikoiztu egingo du eguzki energia eta energia eolikoa sortzeko gaitasuna", azaldu du María Chiviteren exekutiboak oharrean.
Abizen ezagunak, enpresen jabe
Eraiki nahi dituzten zentralen artean, haize eta eguzki indarra konbinatuko dituen "hibridaziozko" bat egongo dela adierazi du Gobernuak, eta eraginkorragoa izango dela dio: "Espazio berean eta ebakuazio azpiegitura berdinekin energia gehiago sortu daitekeelako".
Hibridaziozko parke hori, Corral del Molino I izenekoa, Corellan dago. Baina Nafarroako Gobernuak igorritako zerrendaren arabera, apenas sortuko du 2,8 MWko energia. Herri berean beste bost eguzki-makrozentral eraiki nahi dituzte eta Corral del Molino I izenarekin parke eoliko bat ere joango da, 23,2 MWko potentziakoa.
Corella, Fontellas, Ablitas eta Tuterako proiektuen atzean Enerfin enpresa dago, mundu osoan berriztagarriekin negozioak egiten ari dena, eta Elecnor taldearen filiala
Azkeneko proiektu horren atzean Enerfin enpresa dago, mundu osoan berriztagarriekin negozioak egiten ari dena, eta Elecnor Taldearen filiala. Elecnorren jabe dira frankismo garaian diktadurarekin lotura zuzena izan zuten Bizkaiko eta Andaluziako abizen ezagunak, BBVA, Tubos Reunidos eta beste hainbat finantza eta industria enpresen sortzaileak: Careaga, Moyua, Arteche, Ybarra...
Mehatxaturiko hegaztien babeslekuak gertu
Enerfinek, Corellan ezezik, Nafarroako hegoaldeko beste hainbat tokitan ere baditu berriztagarrien proiektuak martxan, Tuteran, Fontellasen eta Ablitasen kasu. Horretarako, 2022an 136 milioi euroko mailegua lortu zuen.
Fontellas eta Ablitas artean dagoen El Volandin muinoan, adibidez, hamabi haize errota handi jarri nahi zituen enpresa horrek, 50 MW sortzeko gaitasunarekin, baina ingurumen baimena lortzeko txostenak haize errota kopurua bederatzira jaistea derrigortu zuen, hainbat espezierengan izango luketen eraginagatik. Handik ez oso urrun Ablitasko Lor lakua dago, Nafarroako garrantzitsuenetako bat eta mehatxaturiko hegazti espezie ugariren negualdiko bizileku dena.
Nafarroako Gobernuak baimendu dituen zentral fotovoltaiko eta eoliko gehienak Nafarroako hegoaldean daude. Sustrai Erakuntzak 2022an kaleratu zuen berriztagarrien inguruko txostenean azaldu zuenez, lehendik halako azpiegiturekin aski esplotaturik dauden Nafarroa Erdialdeko eta Erriberako eremuetan jarri nahi dituzte zentralak: "Eolikoen poligono horiekin, batez ere hegaztiengan hainbeste kalte eragiten duen saturazio handiago baten aurrean aurkituko gara".