Nafarroako irakaskuntzako Lan Eskaintza Publikoa atera ala ez Nafarroako Gobernuaren esku geratu da, azkenean berau sostengatzen duten lau indarren artean akordiorik gabe.
Geroa Bai eta EH Bildu eskaintza Hezkuntza Sailak erabaki bezala ateratzearen alde dira eta Ahal Dugu eta Ezkerra aurka. Asteartetan izaten du bilera Gobernuak eta Hezkuntza Sailak iazko azaroan egindako proposamena mantenduko duela iragarri du. Hilaren 26ko bileran erabaki beharko du eskaintza publikoarekin zer egin. Aukeren arabera, posible da enplegu eskaintza egitea, baina ekainean oposizioak ez egitea, horrela Gobernuak ez luke eskaintza publikoa egiteko aukerarik galduko eta oposizioak lasaiago egingo lituzke, denbora aldetik oso estu dabilela iragarri baitu Hezkuntza Sailak.
Sektoreko mahaia ere astearte goizean bildu zen eta hemen LAB, Eilas eta ELAk Hezkuntza Sailaren eskaintza sostengatzen dute. Hiru sindikatu hauek gehiengo osoa dute mahaian, sindikatuen ordezkaritzaren %56.
Hezkuntzako hau, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indarren arteko arazo korapilatsuena izaten ari da orain arte. Azaroan Hezkuntza Sailak 425 lanpostu publikorako eskaintza egin zuen, 320 2016an eskainiko ziren eta gainerakoak 2014an. 320 horietatik 228 plaza euskaraz ziren eta 92 gaztelaniaz.
Sua berehala piztu zen eta Izquierda-Ezkerrak bere aurka egin zuen Legebiltzarrean, UPN, PSN, PPN eta Ahal Duguren sostengua bilduz. Azkarregi aritu zela argudiatuz, Ahal Duguk berehala atzera egin zuen eta sostengua eman zion Hezkuntza Sailaren proposamenari. Ezkerrak berean jarraitu du.
Gobernuak lan eskaintzarekin aurrera egin behar zuenean, Ahal Duguk Gobernuaren jarraipen batzordearen bilera eskatu zuen joan den astean. Iragan ostiralean ez zen akordiorik egon eta astelehenean ere ez. Ondorioz, erabakia Gobernuaren esku geratu da.
IIPk ekarritako arazoak
Ingelesez Ikasteko Programak (IIP, PAI gaztelaniaz) ekarritako arazoak kudeatzen ari da orain José Luis Mendoza sailburua. IIP Nafarroako A eta G ereduko eskolen %80an hedatua dago, haur hezkuntzarekin hasten da eta aurrera egin ahala, gaztelania-ingeles irakasleak gero eta gehiago dira eta goragoko mailetan gaztelania hutsean ari direnak lanik gabe uzten ditu. Hamarnaka dira arrazoi horregatik jadanik lanik gabe geratu diren gaztelaniazko irakasleak. Une honetan, adibidez, gaztelaniazko ereduetako 26 irakasle euren plaza gabe gelditu dira IIPkoen bultzadagatik, eta lanpostua ikasturte amaieran eta hasieran egiten diren ‘lehiaketatxo’etan bilatu behar izan dute.
Horregatik, Hezkuntza Sailak hasieratik esan zuen gaia teknikoa zela, eta ezin zirela gaztelaniazko plaza gehiago atera Haur eta Lehen Hezkuntzan, gaur egun jadanik soberan direlako. Argudioa ez da nahikoa izan eta Ezkerrak jarraitu izan du esaten lan eskaintza orekatuagoa behar zela euskaraz eta gaztelaniaz. Egindako bileratan Ezkerrak ez du kopururik aipatu, baina astelehen arratsaldekoan Ahal Duguk Lehen Hezkuntza gaztelanian 45 plaza ateratzeko eskatu zuen. Geroa Bai eta EH Bilduko ordezkariek zentzurik ez zuela erantzun zuten, jadanik lanik ez duten lehen aipatutako 26ri beste 45 gehitu beharko litzaizkiekeelako.
UPN, PSN eta PPNk Legebiltzarrak Mendoza sailburua arbuiatzea eskatuko dute. Ahal Duguk esan du jada ez duela eskaerarekin bat egingo eta Ezkerrak adierazi du itxarongo duela Hezkuntza Sailak zer egiten duen ikustera eta horren arabera erabakiko duela.