argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak alderdien esku jarriko ditu frankismoaren kolaboratzaileei buruzko txostenak
  • Hori da Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak Nafarroako Legebiltzarrean iragarri duena. "Iluntasuna leporatzea saihesteko, Nafarroako Parlamentuko presidentearen esku jarriko ditut proposamenarekin batera aurkeztutako txostenak, Ganberako talde guztiei helarazteko".

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko abenduaren 02a
Chivite lehendakaria eta Ollo kontseilaria legebiltzarrean. (Arg.: Nafarroako Legebiltzarra)

Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak 1964an emandako domina kendu zion azaroan Felix Huarte industria gizonari. Nafarroako Gobernuak ez du berdin jokatu UPNko gobernuak 2014an eman zion Urrezko Dominarekin eta horrek zalaparta sortu du foru erkidegoan.

Gaiaren harira, Ollo kontseilariak azaldu zuen 2015ean gobernura iristean Nafarroako Gobernuan lehenbiziz hasi zirela memoria historikoaren inguruko politikak lantzen, eta zehaztu zuen frankismoarekin lotutako sinboloen eta pertsonen behin-behineko erroldan lehenbiziz sartu zituztela pertsonen izenak.

Horretarako hainbat txosten eskatu zituen Foru Gobernuak, besteak beste NUPi. Hala ere, azaltzeko zergatik ez dion kendu domina Huarteri, oraingo gobernuko eledun Elma Saizek azaldu zuen exekutiboak jasotako zerrendan ez zegoela Felix Huarteren izenik.

Orduz geroztik, hasierako errolda horretatik izenak zergatik kendu zituzten azaltzeko eskatu zaie egungo zein aurreko gobernuei. Ollok ostegunean azaldu zuenez –beti ere legebiltzarreko prentsa-oharrari jarraituta–, ez da inongo izenik kendu inongo txostenetik, “behin-behineko errolda zen, azkar jokatu behar zelako, hamarkadak generamatzalako ahaztuta" eta "ikerketa berriak beharrezkoak zirelako".

"Giza eskubideen urraketetan zalantzarik gabe parte hartu duten pertsonen zerrenda bat aurkeztu genuen, baina argi dago izen guztiak ez daudela hor", adierazi zuen, "sei urte igaro dira eta lan handia egin dugu. Errolda eguneratzeko lanean ari dira, baina ez da zabaldu, batzorde teknikoari baitagokio", adierazi du. Urtarrilean bilduko dute Oroimen Historikoaren batzorde teknikoa, zeregin horiek egin ditzan.

Ollo kexu agertu zen zalapartarekin, Nafarroako Gobernua lan handia ari delako egiten oroimen historikoaren gainean: "Ez dakit Nafarroan egiten ari den lan bikaina lokazteko ahaleginik ote dagoen atzean". Datozen egun edo asteetan gaiok jorratzen dituzten txostenak alderdien esku jarriko dituela iragarri zuen Ollok. Orduan agian argituko da guztiz erroldako izenekin zer gertatu den eta zergatik, agerraldi honek ere, oraindik, ez baitu lortu gertatutakoa guztiz azaltzea.