argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak AHTa gera dezan eskatu dute EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak
  • Hainbat sindikaturekin batera egindako agerraldian Nafarroako Gobernuari galdegin diote Madrilekin mantentzen ari den negoziazio eteteko eta "tren soziala zehazteko", herritarrei "parte hartzeko aukera" emanda.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko uztailaren 03a
Nafarroako eragile sozial eta politiko gehienek AHTa baztertzeko eskatu diote Foru Gobernuari. (Arg.: Euskalerria Irratia). Nafarroako eragile sozial eta politiko gehienek AHTa baztertzeko eskatu diote Foru Gobernuari. (Arg.: Euskalerria Irratia).

Abiadura handiko Trena eraikitzeko negoziazioa eteteko eskatu diote EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek Nafarroako Gobernuari, bai eta ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek ere. Madrilekin negoziatu ez dezan, galdegin diote, eta, aldi berean, "tren ereduari buruzko eztabaida soziala eta politikoa" garatzeko, "tren soziala" zehazteko, "eredu zuzen eta sostengarria" garatze bidean.

Abiadura Handiko Trena “inondik inora doan trena” dela esan dute alderdiek eta sindikatuek, eta krisiak “lozorroan” utzi badu ere, orain Espainiako Gobernuak berriz hauspotu nahi duela, Nafarroako Gobernuari hitzarmen berria eskainita. Egitasmoa, ordea, "UPN/PPren proiektu berbera" dela salatu dute.

"Proiektua UPN/PPrena da, zertxobai berritua, digerigarria izan dadin, aldaketa batzuekin datorrena, baina, funtsa berari eusten diona: aurrekoaren proportziorik ezari eta akats berberari. Aurrekoan gardentasun eza nagusi zen, ez zen parte hartzen eztabaidan eta hiritargoa ez zen kontuan hartzen erabaki behar zenean. Madrileko gobernuak agertu epeak edota haiek aitzakia gisa erabiltzean atea ixten ari zaio edozen partaidetzari eta proposamenak egiteari", esan du Gurutze Andueza ordezkariak, alderdi eta sindikatuek hitzartutako dokumentua irakurtzerakoan.

AHTa "burugabea"

AHTa "beharrezkoa" ez dela, nahi ez dutela eta makroazpiegitura "burugabea" dela aldarrikatu dute alderdi eta sindikatuek, bai eta "gizarte errentagarritasunaren ikuspuntutik" ez dela “onargarria”, Nafarroako "intereseei" erantzuten ez diela eta Tafalla eta Tutera "baztertzen" dituela, “garapen eredu basati bati” segika ere. Ildo horretatik, Etxabakoitzen egiten ari diren Udalerriz Gaindiko Planaren lanak geldi ditzaten eskatu dute.

Tren soziala iparrorratz

Horren aurren zer? Tren soziala. Horixe aldarrikatu dute, eta horretarako "Nafarroako indar politiko, sindikal eta sozialen arteko eztabaida" eskatu dute, eta herritarrei "parte hartzeko aukera" emateko ere.

"AHT sostengatzea eta Nafarroak behar duen aldaketa politikoa eta soziala kontraesankorrak dira. Aldaketak begirunea erakutsi behar dio naturari. Aldeketa gizarte zuzenago lortzeko helburuan aurrera egiteko baliabidea da; aldaketa gure geroaren jabe izatean datza. Aldaketa, mugigarritasun sostengarriari dagokionez, eta garraoi publikoari dagokionez, batez ere, 'sen onean' datza, gizarte errentagarritasuna lehenestean, ekonomikoki zentzuazkoak diren eta gizarte politikei murrizketak ekarriko ez dizkien proiektuak sustatzean, ekologiari eragin kaltea ahalik eta gehien gutxitzean datza. Hori guztia da, hain zuzen, AHTari falta zaiona".

Udazkenean AHTaren kontrako mobilizazioak izanen direla jakinarazi dute, herri mugimenduko hainbat eragilek deituta, zehazki urriaren 7an, Nafarroako erdialdean. Prentsaurrekoa eskaini duten alderdi eta sindikatuek bertara joateko deia zabaldu dute.

(Albistea hau Euskalerria Irratiaren webgunean argitaratu da eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra)