argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak 2020an agindutako eraikin berria exijitu dute Antzineko Lokiz eskolako familiek
  • “Nafarroako Gobernuak duela lau urte eginiko promesari huts egingo dio beste behin ere”, salatu du Lizarraldeako Lokiz eskolako guraso elkarteak. Orain 7 urte D ereduaren aldeko apustua egin zuen hezkuntza komunitateak, eta desagertzeko zorian zegoen eskola txiki geratu da orain. Eraikin berririk ez izateak eskola proiektuari ez ezik herri txiki despopulatuetan bizitzeko aukerari erasaten diola azpimarratu dute. Kanpaina abiatu dute, “Nafarroako Gobernuak bizitza zentroan jarri eta emandako hitza bete dezan”.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko ekainaren 24a
Argazkia: Lokiz eskolako guraso elkartea

Mankomunatuta dauden sei bailarek osatzen dute Lokizaldea, Nafarroako mendebaldean, Lizarraldean: Amezkoa, Allin, Metauten, Egaibar, Lana eta Berrotza. Iragan ostegunean eman zion amaiera ikasturteari Lokiz eskolako hezkuntza komunitateak, eta orduan egin zuen agerraldia guraso elkarteak, eskolaren egoera azaldu eta berau eraldatzeko kanpaina iragartzeko.

Lokiz eskola ixtear egon zen zazpi urte direla. Gaztelerazko eredua zuen, hamar ikasle inguru geratzen ziren eta "desagertzeko zorian" zegoen, gurasoek ARGIAri azaldu diotenez. Euskarazko D ereduaren aldeko apustua egin zuten orduan, eta lerroa zabaltzeko gutxieneko zortzi ikaslek eman zuten izena, adin ezberdinetakoak. "Udal, herritar, familia zein irakasleen eskutik bizirik mantentzea lortu zen”, dio guraso elkartearen oharrak. Ordutik hazkunde etengabea izan du Lokiz eskolak, eta azken ikasturtean 42 haur egon dira matrikulatuta, 38 euskarazko D ereduan eta lau G ereduan.

2019-2020 ikasturtean Nafarroako Legebiltzarreko talde politikoen ordezkariek bisita egin zuten eskolara, eta hortik irten zen eskolarentzako eraikin berria lortzeko konpromisoa, gaur egun bete gabe jarraitzen duena, "eskola berriaren eraikuntzari ekiteko giltza bulegoren batean bahiturik baitute”. Lokiz eskola Antzin herrian kokatuta dago, 1930eko eraikin batean eta, gurasoek azaldu dutenez, “orratz bat” gehiago ez da sartzen. Eraikin berririk ez izateak eskola haztea ekiditen du, “eta are larriago, gure bailara eta herrien etorkizuna ezbaian jartzen du”, salatu dute familiek.

“Ez gara despopulatu, despopulatu gaituzte”

Eskolaren egoera Nafarroako Gobernuak eremu despopulatuetan garatzen dituen politikekin lotu dute gurasoek. “Beti hiriguneetako zentro handietako baremoak aplikatzen dizkigute: garraioaren eta jantokiaren eskaintzaren nolakotasuna, jardunaldia, jantokiaren kudeaketa (zeinak bailaran bi lanpostu desagerrarazi zituen, elikaduraren inguruko proiektu pedagogikoa suntsitzearekin batera) edota irakasleen interinitate altua". Irakasleekin “xakeko pieza hutsak” bailiran jokatzea leporatu diote gobernuari, “matrikulaturiko ikasle kopuruaren arabera bat, bi, hiru edo lau irakasle lekualdatuz!”.

Dirua haurren eta eskualdearen beharren gainetik kokatzea leporatu diote familiek gobernuari. “Ez garelako ausaz despopulatu, despopulatu gaituzte!”, salatu dute, horri aurre egiteko asmoa azaltzearekin batera: “Herri txiki hauetan bizitzeko hautua egin dugula aldarrikatu nahi dugu, jakinik ekonomia eta gizartearen bazterrean kokatzen gaituela hautu honek. Hala ere gure herri, lur zein kulturaren aldeko apustua egiten dugu eta ozen adierazi nahi dugu ez diogula uko egingo gure bizitzak modu duinean bizitzeko eskubideari!”.

Lokiz eskolakoa ez da ikasturte honetan herri txikietatik Nafarroako Gobernuaren jarrera salatzen duten lehen aldia. Iragan astean, esaterako, Nafarroako Hezkuntza Departamentua legeak ezartzen duenaren aurka euskarazko irakaskuntza oztopatzen ari dela salatu zuten Oibar herrian familiek, ordezkari politikoek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.

Eskola berria lortzeko kanpaina abian jarri dute Lokiz eskolako familiek: “Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu behingoz bizitzak zentroan jarri eta emandako hitza bete dezan”.