argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak 57 ikastetxeri onartu die jardunaldi jarraitua edo malgua, eta hiru ikastetxeri ukatu
  • Nafarroako Hezkuntza sailak ez du onartu 2022/2023 ikasturtean Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko hauetan lanaldi jarraitua ezartzea: Mutiloako San Pedro, Iruñeko San Juan de la Cadena eta Zizurko Catalina de Foix ikastetxeetan. Nafarroako Gobernuak hau ukatzeko erabilitako argudioa da "ez dituztela ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen". Beste 57 ikastetxe publiko eta itunpekoetan bai ezarriko da jardunaldi jarraitua edo malgua hurrengo ikasturtean.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 01

Lehen Hezkuntzan proba modura jardunaldi jarraitua edo malgua nola ezarri arautzen du irailaren 30eko 441/2021 ebazpenak. Bertan definitzen denez, jardunaldi jarraitua ikasturte osoan eskolak goizez soilik ematea da, baina derrigorrezkoa da ikastetxeak arratsaldetan jarduerak eskaintzea (tartean ikasketak indartzekoak), ekainean eta irailean salbu.

Jardunaldi malgua, aldiz, urritik maiatzera jardunaldi zatitua eta jarraitua uztartzen dituena da: astean hiru egunez goiz eta arratsaldez ematen dira klaseak eta astean bitan goizez soilik. Irailean eta ekainean, asteko egun denetan goizez ematen dira klaseak.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, foru arau bat lantzen ari da, ikastetxeetako jardunaldi jarraituak eta malguak arautzeko, izaera esperimentalik izan ez dezaten.

Hezkuntza komunitatean jardunaldiari buruzko eztabaida

Hezkuntza komunitatean jardunaldi mota bakoitzaren alde on eta itzalei buruzko eztabaida piztu da. Nafarroako Gobernuak aitotzen duenez, azken hilabeteetan hainbat guraso elkarterekin bildu da, eta batzuek eta besteek aurkako proposamenak egin dituzte, batzuek jardunaldi zatituaren eta besteak jarraituaren alde.

Mikel Garciak artikulu honetan bildu zituen jarrera ezberdinak.

Nafarroako Hezkuntza sailak adierazi du bere borondatea dela "COVID-19 pandemiaren bukaeran hezkuntza komunitateek erabaki dezatela askatasunean nolako jardunaldia nahi duten beren eskoletearako, bai malgua, jarraitua edo zatitua". Iragarri duenez, arautzen ari dira proba modura jardunaldi baten aldeko hautua egin duen eskolak zein maiztasunekin egin behar duen jardunaldi hori berresteko edo atzera egiteko bozketa.

2022-2023an jardunaldi jarraituan arituko diren Nafarroako ikastetxeak

Nafarroako Gobernuak ikastetxe hauei onartu die jardunaldi jarraitua egiteko baimena:

Almandozko eskola; Altsasuko Iñigo Aritza ikastola; Antzingo Lokiz ikastetxea; Antsoaingo Ezkaba; Arbizuko Herri Eskola; Aresoko Nazabal; Arraiozko eskola; Aurizberriko Auzperri; Aiegiko Mater Dei; Azpilikuetako ikastetxea; Barañaingo Alaiz, Eulza eta Los Sauces; Burlatako Hilarion Eslava; Carcargo Virgen de Gracia; Doneztebeko San Migel; Elizondoko eskola; Erratzuko eskola; Erroko San Esteban; Etxalarko Landagain; Garraldako Nuestra Señora de Orreaga; Gartzaingo eskola; Goizuetako Andres Narbarte Xalto; Uharteko Virgen Blanca; Iberoko Isterri hezkuntza bereziko ikastetxea; Iruritako eskola; Iturengo Pulunpa; Larragako San Migel; Legasako eskola; Leitzako Erleta; Lekarotzko eskola; lekunberriko Ibarberri; Lesakako Tatirumairu; Murtxanteko Mardones eta Magaña; Otsagabiako eskola; Orkoiengo Auzalar eta San Mikel; Oronozko eskola; Iruñeko Buztintxuri, Cardenal Ilundain, Doña Mayor, Jose Maria Huarte, Arrotxapea eta El Molino hezkuntza bereziko eskola; Erronkariko Julian Gaiarre; Saldiasko eskola; Sarrigurengo Uriz Pi eta Joakin Lizarraga; Sunbilako eskola; Tafallako Pias; Vianako Erentzun ikastola; Atarrabiako Atargi eta Lorenzo Goikoa; Zigako eskola; Zubiriko Gloria Larrainzar Eugi eta Zugarramurdiko eskola.

Datorren ikasturtean jardunaldi malgua izango duena Abartzuzako Zumadia eskola izango da.