argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak 2005-2011 aldian torturatutako herritarrak onartu ditu biktima gisa
  • Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel Moreno. Sareak torturatu guztiak animatu ditu beren kasuak aurkeztera. Kriminologiaren Euskal Institutuak 1.083 tortura kasu egiaztatu ditu Nafarroan 1960-2015 aldian, eta momentuz hamarri egin die aitortza ofiziala Nafarroako Gobernuak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko ekainaren 18a

Astearte goizean eman du jakitera albistea Nafarroako Torturatuen Sareak, Iruñeko udaletxearen aurrean eginiko kontzentrazioan. Eskuin muturrak, Poliziak edo Guardia Zibilak eragindako motibazio politikoko biktimen zerrendan Nafarroako Gobernuak hemeretzi herritar berri onartu ditu. Apirilean onartu zituen gobernuak lehenbiziko hamabi biktimak, tartean bost torturatu, baina ez horren garaikideak. Sareak ez ditu onartutako hemeretzi biktima berrian izen-abizenak ezagutarazi, baina bai bost torturaturenak eta aitortza horren garrantzia azpimarratu du.

Mikeldi Diez 2005ean atxilotu zuten, ETAko kide izatea egotzita; Iker Aristu eta Oihan Ataun 2008an, Segi gazte antolakundeko kide izatea edota kale erasoak egitea leporatuta; Garbiñe Urra 2009an, Segiren aurkako makrosarekadan; eta Iker Moreno 2011n, Ekin eta Askatasuna antolakundeen aurkako operazioan. Espainiako Poliziak edo Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu zituzten bostak. Iker Aristu, Oihan Ataun eta Iker Moreno Fernando Grande Marlaskak zuzendutako operazioetan atxilotu zituzten, eta Ataunen kasuan, gainera, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen, bere tortura salaketak ez ikertzeagatik.

1.000 tortura kasu baino gehiago aitortzeke

Nafarroako Torturatuen Sareak dei egin die torturatu guztiei biktima gisa aitortu ditzaten eskaerak aurkeztera, “egia osoaren ezagutzan eta haien erreparazioan aurrera egiten jarrai dezagun”. Gertatutako guztia ezagutaraztea da “praktika hori desagerrarazteko modurik eraginkorrena” sarearen ustez, eta gogoratu dute tortura sei hamarkadatako “errealitate krudela” izan dela.

Apirilean, Nafarroako Torturatuen Sareak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak 1960-2015 aldirako 1.083 tortura kasu egiaztatu zituztela jakinarazi zuten. Horietariko 741 kasu 1979-2015 aldiari dagozkio. Asteartean jakinarazi dituztenekin, momentuz 31 dira Nafarroako Gobernuak aitortu dituen motibazio politikoko biktimak, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eraginak. Horietariko hamar torturatutako herritarrak dira. Hortaz, behintzat beste 1.073 tortura kasu leudeke aitortzeke.

Nafarroako Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeak 2023ko hasieran iragarri zuen lau urte eta erdiko epea zabaltzen zuela biktima gisa aitortua izateko eskaerak aurkezteko. Apirilean jakinarazi zuen 60 kasu zituela aztertuak. Prozedura luzea da, biktimak edo beren senideak elkarrizketatzea, edo mediku eta psikologoen azterketa barnebiltzen dituena.

Mozioak udaletxeetan

Iruñeko udaletxeko plazan elkarretaratzea egin duten bitartean, udalean sareak herriz herri aurkeztu duen mozioa eztabaidatu da. Sarearen izenean Mikel Sotok eta Merche Gonzálezek hartu dute hitza. Mozioak aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea eskatzen ditu, eta aurrera atera da EH Bildu, PSN eta Zurekin-en babesarekin. UPN abstenitu egin da, eta María Caballero zinegotziak “Sinisten zaituztet” esan die Soto eta Gonzálezi. Aurka agertu den alderdi bakarra PP izan da.

Sotok mozioa onartu izana positiboki baloratu du, azaldu du mozio bera Nafarroako 99 herritan aurkeztu duela sareak, torturatuak dauden guztietan, eta 63tan izan dela onartua.