argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak 2.000 milioi euroko zorra du itzalpeko sarietan
  • Nafarroako Ubideko lehen fasea, Bideko autobidea (Iruñea-Logroño) eta Jacako autobidearen Nafarroako zatia aspaldi bukatu ziren. Azpiegitura erraldoi hauen ordainketak, hala ere, luzerako joko du eta datozen bi hamarkadetan Nafarroako Gobernuak 2.000 milioi bat euro ordaindu beharko dizkiei azpiegitura hauek bideratu zituzten enpresei.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko azaroaren 26a
Bideko autobidea Zizur Nagusi zeharkatzen duenean.

Urtero, gutxi gorabehera 100 milioi euro bideratu behar ditu foru gobernuak zor horiek kitatzera. Aurten zehazki 98,2 milioi, kanpo zorra kitatzera bere aurrekontutik bideratuko duena –72,3 milioi–baino gehiago.

Urteko ordainketa horrek gora egingo du eta 2021ean 110,6 milioi izango dira. Itzalpeko ordain sari honen arabera, Nafarroako Gobernuak ez zuen dirurik jarri beharrik azpiegitura egiteko, baina ondorengo urte luzetan –30en bat– urtero kopuru bat ordaintzen du dagokion enpresa eraikitzaileari erabilera kanon gisa. Prozesu horretan, enpresaren arduratzen da azpiegitura egiteaz eta berau mantentzeaz.

Kontua da, molde hau azpiegiturak pribatizatzeko era bat dela eta gobernuak bideratzea baino askoz garestiago ateratzen zaiola herritarrari. Esate batera, Nafarroako Gobernuak 2017an ordaindua zuen Logroñorako autobidearen kostua, hau da, 390 milioi euro; hala ere, gobernuak 2032ra arte jarraituko du ordaintzen urteko kanona, guztira 1.200  milioi euro, obraren kostuaren hirukoitza.

Diario de Noticias-ek argitaratutako datuen arabera, Foru gobernuak oraindik Jacako autobideagatik 620,8 milioi ordaindu behar ditu, 550,6 milioi Bideko autobideagatik, 365,8 milioi Nafarroako Ubideko lehen faseagatik, eta 433,2 bere zabalkundeagatik. Dirutza horiek oso modu latzean zamatzen dute foru gobernuaren aurrekontua, batez ere azpiegiturak hobetzearen atala.

2019ko Nafar Gobernuaren aurrekontua 4.300 milioi eurokoa da. Itzalpeko sarien moldea, beraz, negozio modu bat bihurtzen da, azpiegitura hauek bideratzeko lehia sortzen dute, eta hauen emakida salerosketa produktua bihurtzen da. Bideko autobidearen emakida, adibidez, pasatu da hainbat inbertsio funtsen eskuetatik izan Globalvia, Infrastructure Panther edo UBS banku suitzarraren funtsa.    

Datu hauek guztiak, Nafarroako Kontuen Ganberak 2018ko Kontu Orokorren azterketatatik ateratakoak dira.