argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak 20 milioi euro bideratuko ditu ostalaritzako diru-laguntzetara
  • Baldintzak betetzen dituztenek 25.000 eurora bitarteko laguntzak eskuratu ahalko dituzte, gehienez. Azaroaren 26tik aurrera terrazen irekiera abiatzeko asmoa duela iragarri du Osasun Departamentuak.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 17a

Azaroaren 16an Nafarroako Gobernuko Exekutiboak eta ostalaritzako sektoreko ordezkariek bilera egin dute. Nafarroako Gobernuak zabaldutako informazioaren arabera, bilera horretan Osasun Departamentuak jakinarazi du azaroaren 26tik aurrera ostalaritza-establezimenduetako terrazen irekiera malgutzeko asmoa duela, "betiere pandemiaren bilakaerak uzten badu".

20 milioi euroko laguntza ostalaritzarentzat

Nafarroako Gobernuak ostalaritza sektoreko ordezkariei iragarri dienez, hasieran diru-laguntzetan iragarritako 10 milioietatik 20 milioira igo du ostalaritzara bideratuko duen diru-laguntza ekonomikoa. Iragarritako laguntza ekonomikoen lerro berria "ostatu-zerbitzuetarako, janari eta edari zerbitzuetarako, bidaia-agentzientzat eta jarduera turistikoetarako, gaueko aisialdirako eta edarien banatzaileentzat" izango da.

Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek 25.000 eurora bitarteko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, gehienez. Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte fakturazioan gutxienez %20ko murrizketa izan dutela egiaztatzen dutenek, 2020ko lehen hiruhilekoen eta 2019koen arteko konparazioan, BEZaren aitorpenetan.