Batez besteko emantzipazio adina 29 urtekoa da. Emantzipazio-tasa pandemia aurretik baino ia bost puntu baxuagoa da, eta alokairu nahiz etxebizitzen prezioek gora egin dute. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak txosten batean aurkeztutako datuak dira.
Kontseiluaren txostenak azaleratzen du bertako gazteek emantzipatzeko duten zailtasuna. Nafarroako gazte batek bere soldataren %70 alokairua ordaintzeko erabiltzen du, batez beste. Josu Igoa Kontseiluko ordezkariak Euskalerria irratian egin dioten elkarrizketan azaldu du geroz eta beranduago egiten dutela alde etxetik Nafarroako gazteek.
Gaur egun, batez besteko emantzipazio adina 29 urtekoa da. Gazteen emantzipazio tasak behera egin du pandemiaz geroztik, 16 eta 29 urte artekoen artean. Aurretik %21ean zegoen, eta, orain, %16,6an. 30-34 urte artean ere nabarmenak dira emantzipatzeko zailtasunak. Adin tarte horretan bost puntu jaitsi da emantzipazio tasa, eta gazteen %68k egin du alde etxetik.
Alokairuen eta etxebizitzen prezioak geroz eta garestiagoak dira. Igoak azaldu duenez, Nafarroan, azken hiruhilekoan %4,5 igo da alokairuen prezioa, eta %7,8 etxebizitzena. Langabezia tasak ere gora egin du, "egoera geroz eta zailagoa da".