argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako “erregimena” kanporatzeko manifestazioa deitu dute larunbatean Ernaik eta IAk
  • Aldaketa sozialaren aldeko mobilizazioa deitu dute larunbaterako, Nafarroako eremu ugaritako gazteak batzeko asmoz. "Erregimena Kanpora" dinamikaren baitan antolatuta, manifestazioa 12:00etan aterako da Iruñeko Foruen plazatik.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko maiatzaren 12a

Ikasle Abertzaleen eta Ernairen ekimenez antolatu da mobilizazioa. Gaur egungo egoerarekin eta hura sustatu dutenekin "nazkatuta" daude manifestazioa deitu dutenak: "Egoera hori ziurtatzen duten sektoreak dira Erregimena deitzen dugun hori osatzen dutenak: UPN, PSN, PP, Opus Dei, botere ekonomikoak, UGT eta CCOO sindikatuak, Diario de Navarra eta Nafarroako Unibertsitatea besteak beste".

Gastu soziala murriztu izana, euskarari eta euskal identitateari "behin eta berriro" eraso egitea eta gazteen kontrako errepresioa martxan jartzea leporatu diete gazteek Erregimena deitzen dioten horri: "Azken urteetako ustelkeria kasuek Erregimenaren benetako aurpegia erakutsi dute: egoera soziala larriagotu duten bitartean, batzuk poltsikoak betetzen jarraitu dute".

Gazteen egoera bereziki txarra

Jendarteak bizi duen egora larriaren baitan, gazteen egoera bereziki prekarioa dela salatu dute: "Erregimenaren politika neoliberalek gure etorkizuna hipotekatu dute. Langabeziara kondenatu gaituzte; unibertsitateko tasa garestiagoak ordaintzera behartu gaituzte, eta hezkuntzako murrizketak gure azalean bizi ditugu".

Deitzaileek uste dute gazteriak "eragile aktibo" izatea lortu beharko litzatekeela eta helburuak ere markatu dituzte: "Justizia soziala oinarri izango duen Nafarroa, bere herritarren erabakitze eskubidea defendatuko duena, Nafarroa euskalduna, parekidea, ingurugiroa zaindu eta zainduaraziko duena… Hori da gure proiektua, eta hori lortzera goaz".