argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Foruzaingoak ez ditu gomazko pilotak erabiliko
  • Nafarroako Legebiltzarrean atzo egin zuen agerraldian egin zuen iragarpena Maria Jose Beaumont Presidentzia, Funtzio Publikoa, Justizia eta Barne sailburuak.

ARGIA @argia 2015eko irailaren 25a

Lau ordu luzez jardun zuen Beaumontek legealdirako bere sailak dituen asmoak azaltzen eta argi utzi zuen oso bestelako polizia eredua bultzatuko zuela. Pilotena izan daiteke horren sinboloetakoa. Gobernu akordioan bazegoen neurria eta aurki indarrean sartuko da.

Piloten erabilera eta debekua eztabaidagai izan zen iragan apirilean Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk pilotak debekatzea proposatu zuen, baina Eusko Legebiltzarrak ez zuen proposamena onartu. Horren ordez, piloten erabilera murriztea eta material hori apurka ordezkatzea erabaki zuen.

Nafarroan orain arte kargu horretan aritutakoetatik oso ezohikoa den doinu eta mezuekin aritu zen Beaumont barne sailburua. Lurraldean polizia gehiegi dagoela adierazi zuen, 7 polizia 1.000 biztanleko eta Europan ohikoena dela 3 polizia 1.000 biztanleko.

Foruzaingoak Foru Hobekuntzan aurreikusten diren eskumen gehiago hartzea aldarrikatu zuen, era horretan polizia kopurua jaitsi eta gastuak aurreztuz. “Hori gertatu ahala Estatuko Segurtasun indarrek eskumen horiek utzi beharko lituzkete pixkanaka. Hainbat polizia indar elkarren gainean dira Nafarroan eta eztabaida serio batean polizia eredu hori eutsiezina da”.

Delinkuentzia ekonomikorako unitatea

Beaumontek delinkuentzia ekonomikorako unitate baten sorrera ere iragarri zuen. “Polizia fiskalaren zereginetan arituko da eta delitu ekonomikoak ikertzeko polizia teknikak eta estrategiak erabiliko ditu. Lotura zuzena izango du Ogasun Saileko ikuskatzaileekin”.

Adierazgarria izan zen, halaber, Nafarroako Jauregiaren egoeraz esandakoak: “Iritsi nintzenean ezin nuen sinetsi ikusten nuena, bulegoetarako toki gutxi, instalazio elektrikoa egoera txarrean, hezetasunak hainbat sabaietan… Herritar guztiena den ondare hori zaindu eta ongi mantentzeko betebehar legezkoa eta morala dugu; baina horrez gain, bertan gaizki erabiliak diren 2.000 m2 ongi erabiliko balira, ez lirateke erabili behar orain garesti alokatzen diren beste eraikin batzuk”.